Setalde, Euskal Herriko eta Espainiako 16 banatzaile onenen artean

Leire Kortabarria 2014ko mar. 17a, 00:00
Setalderen Eskoriatzako egoitza.
Eskoriatzako Setalde enpresa Hego Euskal Herriko eta Espainiako 16. enpresa bihurtu da Schneider etxearen Expert Partner edo lankide aditu kategoria lortzen. Elektrizitate-materialaren enpresa banatzaileek lor dezaketen kategoria altuena da hori.

Schneider Electrics liderra da munduan, industriako sektore elektrikoan. Expert partner zigiluarekin, Setalderen zenbait konpetentzia aitortzen eta saritzen ditu, hala nola prestakuntza, produktua ondo ezagutzea eta laguntzeko eta aholkuak emateko gaitasuna. Raul Jimenez eskoriatzarraren, Setaldeko Garapen arduradunaren esanetan, zigilu hori lortu izana lantaldearen lorpena da: "Gure lantaldea osatzen duten profesional guztion lorpena da, eta kalitatearekin eta zerbitzua emateko profesionaltasunarekin daukagun konpromisoa frogatzen da".

Edozein automatizaziotan

Arduradunek azpimarratzen dutenez, Setaldek bezeroei askotariko sistemen inguruan ematen dien aholkularitzarekiko konpromisoak bereziki eragin du Schneiderren erabakian. Izan ere, Expert partner zigiluak industriako edozein automatizaziotan aholkularitza emateko eta bezeroari laguntzeko gaitasun-profila aitortzen du.

Makina-erremintako enpresak

Ziurtagiria lortu dela ospatzeko, Setaldek eta Schneiderrek tailerra egin zuten, otsailaren 27an, Gipuzkoako makina-erreminta sektoreko enpresa garrantzitsuenekin. Sektoreko teknologia berrienak ikusteko eta probatzeko aukera izan zuten enpresa horiek.

Setaldek Lasarte-Oriako egoitzan egin zuten aurkezpen hori. Benetako hainbat programazio motaren bitartez, makinek lehiakortasun handiagoa hartzeko duten aukera guztiak erakutsi zituzten prozesuetan espezializatutako Setaldeko teknikariek.
Raul Jimenezek honakoa dio: "Aurten egutegi aberatsa antolatzeko asmoa dugu, Gipuzkoako industria-elektrika sektoreari formakuntza eta aurkezpenak eskaintzeko, aholkularitzarekin daukagun konpromisoa sendotzeko".

1982an sortutako enpresa da Setalde. Eskoriatzaz gain, Lasarte-Orian, Donostian eta Azkoitian ditu egoitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak