Iraolak esan duenez, Zubieta ezin daiteke frustrazio fabrika bat izan. Gaineratu du, horretarako, jokalariak klubean hasten diren momentutik gazteen heziketako parte garrantzitsu bihurtzen dela Erreala. Erabiltzen duten metodologiaren hainbat aspekturen gainean egin du berba Iraolak, eta datozen urteotan Gipuzkoako klubak neska-mutikoen heziketaren parte bilakatzeko lanean dihardutela ere esan du. Erreala Fundazioaren zuzendariak gaineratu du lehenengo mailako jokalari izatera heltzea salbuespena izan ohi dela, eta urte guzti horietan egindako ikasketa prozesuak berebiziko garrantzia duela: "Pertsonak trebatzen ditugu, ez bakarrik jokalariak".
Iraolaren ostean, Mikel Gonzalez arrasatearrak, bere bizipenak gogoratu ditu publikoaren galderei erantzuteko orduan. Errealean 11 urterekin hasi zela gogoratu du, eta urte horietan guztietan, futbolari bezala bakarrik ez, pertsona bezala ere hazi dela gaineratu.