Eskoriatzako Udalak eta Clara Campoamor elkarteak zerbitzu adjudikazio kontratua sinatu dute. Horren arabera, elkarteak zerbitzu mota bi emango ditu aurrerantzean herrian: batetik, genero indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izandako emakumeei arreta eskaintzeko udal jarduera eta koordinazio protokoloa egingo du. Eta Eskoriatzan emakumearen eta seme-alaben eskubideei buruzko aholkularitza sozio-juridikoa eskainiko du, bestetik.
Datorren astean jarriko dute martxan debalde izango den zerbitzu juridikoa. Astean behin etorriko da elkarteko aobkatu Jose Migel Fernandez zerbitzu hori eskaintzera; interesatuek Gizarte Zerbitzuetara deitu behar dute.
Orain arte emakumeei zuzendutako laguntza psikologikoa eta juridikoa eskaini izan da Eskoriatzan Foru Aldundiaren bidez. Baina motz geratzen dela ikusita erantzuna eman dio Udalak.
Duela urtebete inguru erabaki zuen Udalak Clara Campoamor elkartearengana jotzea. Proiektua udal korporazio guztiari esker atera dela aurrera azpimarratu ostean, Beñat Hercek denen konpromisoa nabarmendu du.