Lau tarifa mota izango dira: batetik, arrunta edo herriguneko eskoriatzarrei aplikatuko zaiena dago; bigarrenik, ekarpen guneko erabiltzaileek ordainduko dutena; hirugarrenik, ekarpen guneko erabiltzaile eta gainera konpostatzaileak direnei; eta laugarrenik, frakzio organiko guztia kudeatzen dutenendako tarifa dago.
Bestalde, Udalak Gaztañadui kalean dituen bi lokal alokagai jartzearen alde ere azaldu ziren zinegotziak. Aho batez onartu zituzten horretarako baldintza administratiboak.
Bestetik, kirol zerbitzuak esleitzeko iazko urrian hasitako prozedura bertan behera uztea erabaki zuten. Pleguetan dagoen akatsak eraginda hartu zuten erabaki hori. Hori zuzendu ostean, martxoko osoko bilkuran jardungo dute ostera gai horren gainean.
Tokiko administrazioari buruzko legea
Ezker Anitzak-IU taldeko ordezkari Juan Luis Merinok proposatuta, Tokiko Administrazioa Arrazionalizatzeko eta Iraunarazteko Lege Egitasmoaren kontrako akordioa ere adostu zuten; eta baita Beheko Errota musika eskolak aurkeztutako mozioa, eta, martxoaren 8aren harira, Ezker Anitza-IUk aurkeztutakoa ere.