Otsailaren 6an ireki zuten Eskoriatzan, Santa Mariñe inguruan, aparkaleku berria. 85 ibilgailuendako tokia du; eta horietako bi mugikortasun arazoak dituzten lagunendako dira. Horrez gain, aipatzekoa da debalde dela aparkaleku berria.
Eskoriatzarren artean harrera ezin hobea izan du, bereziki Santa Ana eta Olazar auzoetan eta Arbiñoste kalean bizi direnen artean.
Baina, aparkaleku berria mugikortasunarekin lotutako asmo handiagoko proiektu baten barruan sartzen da. Oinezkoak lehenengo izena duen proiektu horren helburu dira joan-etorriak egiteko modu erosoagoak eta garbiagoak sustatzea eta erraztea, oinezkoei lehentasuna ematea eta erdigunean ahalik eta ibilgailu gutxien ibiltzea.
Sentsibilizazio kanpaina
Horren bueltan, Udalak sentsibilizazio kanpaina jarriko du martxan datorren astean. Aparkalekuetan eta herrian autoen pilaketarekin arazoak sortzen diren puntuetan,esaterako, informazio panelak jarriko dituzte, gertu dauden aparkalekuen berri ematen dutenak. Besteak beste, panelak dauden tokitik herrigunera oinez joateko dagoen distantzia zenbat minutukoa den jakinaraziko da. Horrekin batera, eskuorriak ere banatuko dira herriko bi ikastetxetan.
Erdigunea oinezkoendako
Herrigunea oinezkoentzako erosoagoa egiteko asmo horretan, Oinezkoak lehenengo proiektuaren barruan hain zuzen, erdigunearen peatonalizazioa ere badago. Astegunetan arratsaldez, eta asteburuetan, zapatu eguerditik aurrera, ibilgailuendako itxita egongo da Bolibarko bidegurutzetik Antsoategiko biribilgunerainoko zatia.
Martxorako gura dute guztia martxan jartzea. Aurretik, baina, egokitzapen lanak egin behar dituzte itxierak eragina izango duen tokietan; dagoeneko hasita daude egokitzapen lan horiekin eta datozen asteotan bukatuko dituzte.