Santa Ageda ondotik, Kinttada Eguna dator Eskoriatzara

Mirian Biteri 2014ko ots. 6a, 11:32

Eskoriatzako kintoak, atzo iluntzean.
Eskoriatzan ere Santa Ageda koplak bazter guztietan entzun dira azken egunotan. Ohiturari jarraituz, bezperan elizateak bisitatu zituzten, eta atzo, berriz, kalerik kale ibili ziren kantuan eta eskean. Eguna borobiltzeko ederto egin zuten dantzan 1996. urtean jaiotakoek. Kinttada Eguna dator orain.

Santa Ageda bezperan, 07:00etan, plazan geratu ziren kintoak, elizateetatik kantuan eta eskean ibiltzeko. Taldeka banatu ziren; kinto batzuk, Bolibarrera joan ziren, eta beste batzuk, berriz, Apotzagara.
Goiza amaitu aurretik, herrira itzuli ziren, eta hango ikastetxeak bisitatu zituzten. Eguerdian indarrak berreskuratu ostean, bisitatu barik zituzten elizateetara igo ziren kinto eskoriatzarrak.  

Atzo, esan bezala, kalerik kale ibili ziren kantuan. Hasieratik banatu ziren taldeka. Batzuk Olaeta eta Aranburuzabala aldetik ibili ziren eskean, beste batzuk erdialdetik, eta hirugarren talde bat Intxaurtxueta eta San Pedro auzoetatik. Denera, 1996an jaiotako 24 gazte inguru.

Zaharren egoitzara

Bezperan bezala, Toki Alai jatetxera joan ziren bazkaltzera, eta lasai egoteko denbora barik, 17:00etan zaharren egoitzara joan ziren han bizi direnei bisita egiteko. Eta betiko moduan, 19:00etan plazan elkartu ziren azken hilabeteotan horrenbeste bider entseatutako dantzak dantzatzeko. Eskoriatzar asko batu zen plazan dantzaldia ikusteko.


Domekan dantzaldia

Ospakizunak, dena dela, ez ziren Santa Ageda Egunarekin amaitu. Etzi, domeka, elkartuko dira ostera dantza egiteko; 19:00etan eskainiko dute urteroko dantzaldia. Horrez gain, azken urteotako ohiturari jarraituz, Kinttada Eguna ere egingo dute herriko askotariko adinetako kintoek; orain arte, baina, Santa Ageda aurreko zapatuan ospatu egin dute egun hori. Bihar, zapatua, elkartuko dira herriko kinto asko eta asko elkarte eta jatetxeetako mahai baten bueltan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak