Autoekin guztiz "zoratuta"

Mirari Altube Arrese 2014ko ots. 3a, 09:59

Eskoriatzako Eskomotor taldeko kideak.
Motor zarata burrunbatsuak, gasolina usain sarkorra, eta erruberen jira-birak gustuko dituztenak autoendako bizi dira. Askorendako zoroak, baina autoak afizioa baino zerbait gehiago dira giro horretan murgilduta dabiltzanendako. Eskoriatzan badira halako afizionatuak, Eskomotor taldeko kideak.

Autoek elkartu dituzte Eskomotor taldeko kideak –gehienak eskoriatzarrak, baina aretxabaletarrak eta arrasatearrak ere badaude–, 15 bat lagun hain zuzen, eta hara eta hona ibiltzen dira autoekin. Batzuek lasterketetan jarduten dute, eta guztiak joaten dira gertatutako zirkuituetan ibiltzera, Burgos aldera batik bat, Miranda de Ebro eta Cotar herri inguruetara. Eta hain urruti joan barik, eguen gehienetan ere elkartzen dira Aretxabaleta aldean, afari pasadatxoa egiteko.

Mendi igoerak

Txapelketetan ibiltzen diren eskoriatzarrak dira: Joseba eta Aitor Frutos anaiak, Gorka Idigoras, Ander Lezeta eta Alberto Murillo; eta horiekin batera Mikel Otxoa aretxabaletarra eta Ander Corcuera arrasatearra. Ibili bakarrik ez, irabazi ere bai, eta sariak eskuratu. Batzuek mendi igoerak jokatzen dituzte –pilotua bakarrik joaten da– eta beste batzuek rally sprint lasterketak dituzte gurago –pilotua, kopilotuaren laguntzarekin–. Joseba Frutosek, esaterako, rally sprintak ditu gustuko, eta batzuetan anaia eta bestetan neska laguna kopilotu hartuta ibiltzen da. "Mendiko lasterketak oso motzak izaten dira, eta ordu asko pasatzen ditugunez autoa gertatzen nik gurago dut ibilbide luzeagoan jardutea, hau da, rally sprintean". Gabiriakoa eta Hondarribikoa dira Frutosendako ibilbiderik politenak. Hain zuzen horiek emango diote hasiera aurtengo lasterketen denboraldiari; martxoan jokatuko dituzte biak.

Frutos anaiak Renault Clio Sport autoarekin ibiltzen dira; Idigoras, Opel Astra Gsi-arekin; Murillo, BMW M3 autoarekin eta pisua arintzeko hainbat aldaketa egin dizkio; eta Lezeta, Peugeot 206 Hdi dieseldunarekin, bakarra gasolinarekin ez dabilena. "Artista da Lezeta eta ordenagailu bidez egiten dizkio aldaketak", dio Frutosek. Otxoak, ostera, BMW E-30 touring autoa du baina M-5 motorra sartuta; eta Corcuerak, Volkswagen Golf Gti dauka, Audi A-3 1.8 turbo motorrarekin. "Autoaren marka ez da hain garrantzitsua, motorrak indarra izatea da benetan garrantzia duena", argitu du Frutosek, "eta horregatik aldatzen dizkiote motorrak".

Baina auto horiek guztiak ez dira bakarrik lasterketetan eta zirkuituetan ibiltzeko, kalean ere erabiltzen dituzte. Hori bai, segituan antzematen zaie, segurtasunerako kontuak izan ohi dituztelako, barrak esaterako, eta babesleen propaganda. Babesle horiek topatzea gero eta zailagoa da, gainera: "Nik lau ditut, batzuek dirua ematen didate eta beste batzuek konponketak egin autoari. Eta eskerrak eman gura dizkiet guztiei, ez da samurra baietzak jasotzea-eta".

Autoen mundua ezagutzen ez dutenen ohiko galdera da arriskutsua ez ote den afizioa. "Norberak jarri behar ditu mugak. Burua erabiliz gero, ez dago zertan izan arriskutsua", dio Frutosek. Eta garestia? "Merkea ez da, onartzen dut, baina gustuko dugunok beste kontu batzuk sakrifikatzeko gertu gaude. Eta behin autoa izanda ez da hain garestia", dio eta gaineratu: "Lasterketetan asko sufritzen dute, baina kolpe handirik hartu ezik, ez da hainbesterako".

Arlabango igoera antolatzen

Eskomotor taldeko kideek 4x4 autoen txapelketa antolatzen dute urtero, Apotzaga auzo inguruan. Antolatze lanetan hasi orduan, eta orain Arlabango igoera ere euren ardurapean dago. 2010ean berreskuratu zuten igoera hori eta taldeak lehenengoz antolatu, eta lehen bi urteetan Gatzagako errepide zaharrean jokatu zuten. Orain, ostera, Arlabango mendatea igotzen dute eta aurten, uztailaren 5ean izango da: "Automobilismo federazioarekin eta diputazioarekin batera lan egin beharra dugu baimenak lortzeko; beti egoten da trabaren bat hasieran, baina gero konpontzen dira". Eta Eskomotor taldeko kideek benetan gustura egiten duten lana da. Taldean, baina, pilotuak bakarrik ez, autoei argazkiak ateratzea gustuko duena ere badago, Aitzol Madinabeitia. Webgune batean idazten du, gainera, eta Euskadiko txapelketako lasterketen berri eman.

2013ko txapelketetako sarituen artean

Euskadiko Automobilismo Federazioak 2013ko txapelketetako sariak banatu zituen joan den urtarrilaren 26an, Azpeitian egindako ekitaldian. Eskomotor taldeko lau pilotuk jaso zituzten sariak, guztiek mendi igoera sailean –motorraren zilindradaren araberako mailetan banatuta–. Hona sarituak: Gorka Idigoras txapelduna, 3 mailan; Aitor Frutos txapelduna, 2 mailan; eta Ander Corcuera txapelduna eta Alberto Murillo azpi-txapelduna, Formula Librean. Horiek jokatutako mendi lasterketak izan ziren: Gorla, Aia, Udana, Arlaban, Urraki eta Jaizkibel.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak