Zapatuetako ordutegia ere aldatu dute, goizetan 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara izango dituzte erabiltzaileek herriko kirol instalazioak eskura. Domeketan eta jai egunetan, azkenik, goizez baino ez dira zabalik egongo.
Abenduko lehen hamabostaldian herritarren kiroldegiak zuen ordutegiari buruzko iritzia jasotzen ibili ziren. Bi aukera eskaintzen ziren: domeka arratsaldetan zabaltzea eta astelehen ixtea, edo ohiko ordutegiarekin jarraitzea. Emaitza parekatua izan zen; hori bai, bigarrena aukeratu zuten askok goizean kiroldegia lehenago zabaltzearen alde egin zuten. Horren harira, honakoa azaldu digu Rosa Lasagabaster kirol aholkulariak: "Domeka arratsaldean zabaltzea ez da samurra, esfortzu handia eskatzen duelako. Hortaz, lehenago zabaltzea erabaki dugu, baina horretarako, astelehen goizetan instalazioak itxi behar ditugu".
Hobariak Axtrokietan
Bestalde, urte berriarekin batera, tarifa berriak sartu dira indarrean. Orain arte, urte osoko kuota ordaintzen zen; eskoriatzarrendako 103 eurokoa zen. Hemendik aurrera hiru modutan ordaindu ahal izango dute bertakoek: esaterako, 18 urtetik gorakoek 15 euro ordaintzen dituzte hilero, 35 euro hiru hilez behingo, eta 110 euro urte osokoagatik. Lasagabasterrek gaineratu du hobariak eskatzeko aukera dagoela; Axtrokia izena duen moneta lokala jasoko dute deskontu moduan.
Azkenik, kirol jarduerei dagokionez, kirol aholkulariak azaldu eguerdiko spinning saioa izan ezik, gainerako beste denak mantentzen direla; eta gogorarazi du izena eman aurretik, debalde egin daitekeela proba.