Ereindakoa jasotzen dela dio esakuneak eta Joseba Iñurrategi asko ereindako gizona izango da, asko jaso du eta gaur Eskoriatzako Udal pilotalekuan; bereziki maitasun eta esker hitzak. Horretarako, antolatu dute, azken baten Udalak eta kirol elkarteak ekitaldia, Iñurrategiri "esker ona adierazteko". Baina ekitaldian omenduari azaldu dioten moduan, "ekitaldiaren berri jaso dutenean, asko izan dira, Joseba, gaur hemen zuri omenaldia egiteko egon nahi izan duten erakunde eta pertsonak". Hala nola, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko ordezkariak; pilotan Iñurrategirekin ibilitako Eskoriatza zein inguruko herrietako pilotariak; epaile lanetan ibilitakoak; eta herri desberdinetako pilota elkarteetako ordezkariak. Horiek guztiek egon nahi izan dute gaur Joseba Iñurrategirekin batera, eta baita herritar ugarik ere.
8 urterekin hasi zen pilotan
Pilotari gazteek egindako arkua igarota iritsi da Joseba Iñurrategi kantxara. Mari Jose Landa emaztea eta Larraitz eta Aintzane alabak zituen ondoan. Oso hunkituta guztiak.
Dorleta Kortazar aurkezleak omenduaren bizitzari buruzko zenbait zertzelada eman ditu ekitaldia hasteko: "Iñurrategi Bolibar elizateko Jausoro baserrian jaio zen. Ama Maria Jesus eta aita Bixente izan zituen eta 9 anai-arrebetan bosgarrena izan zen. 8 urterekin hasi zen pilotan eta ordutik, modu batera edo bestera, beti pilotari lotuta egon da bere bizitza. 30 urte bete arte amateur moduan aritu zen eta ondoren beteranotan jokatu zuen. Ezbehar baten ondorioz, besoa galdu zuenean, zaila zirudien pilotan jokatzen jarraituko zuenik, baina ez zuen bere pasioa albo batera laga eta zuriz jokatzen jarraitu zuen orduan ere. Azken 30 urteotan, berriz, pilotan jokatzen ez, baina pilotaren inguruko zereginetan jarraitu du. 1981. urtean Isidro Garaterekin batera Eskoriatza Kirol Elkarteko delegatu kargua hartu zuen Boliñaren ordez. Pilota izan da, eta da, haren pasioa. Eskoriatzan hasitako pilotariak berak hezi ditu eta pilotan jokatzeaz gain, pilotarekiko jakituria eta ilusioa transmititu die Eskoriatzako gazte askori.
Gizon langilea, zuzena, pazientzia handikoa eta zarata gutxikoa. Beti elkar-ulertzeko gertu eta elkarlanerako prest. Gaurkoa ondo merezitako omenaldia duzu".
Eta txalo zaparrada itzela jaso dute hitzok pilotalekura bertaratutakoen partetik.
Oroigarri ugari jaso ditu
Ohorezko aurreskuaren ondoren, Oihana eta Haizea Arana bertsolari gazteek zenbait bertso bota dizkiote eta horren ondoren, oroigarri banaketa hasi da. Aretxabaletako pilotarien izenean Juan Mari Errastik eman dio oroigarria; Bergarako Kirol Elkartearen izenean, Luis Mari Gutierrezek; Gipuzkoako Pilota Federazioaren izenean, Juan Carlos Etxeberriak; Eskoriatzako Udalaren izenean, Igor Ezpeleta Kirol zinegotziak; eta Eskoriatza Kirol Elkartearen izenean, Garbiñe Uribek.
"Beti eramango zaitugu bihotzean"
Baina ezusteko gehiago ere izan zituen Iñurrategik, Eskoriatzako Pilota Elkarteko bi pilotarik, Oier Urrutiak eta Eneko Zubizarretak gutuna irakurri diote-eta. Halakoak esan dizkiote: "Guretzat ohore bat da omenaldi honetan parte hartzea, gugatik egin duzun lan guztiagatik, gurekin pasatu duzun ordu guztiengatik, erakutsi diguzun hainbeste gauzengatik. Denbora asko daramagu pentsatzen hori guztia nola eskertu eta omenaldi xume hau egitea bururatu zitzaigun. (...) Denok dakigun moduan Eskoriatzako pilota elkartea beti izan da lagun talde bat, beti egon gara oso batuta eta guztia zugatik izan da. Orain pilotan aritzen garen guztiak izugarrizko lagunak gara eta hori zuk transmititutako baloreengatik pasatzen da; oso txikiak ginenetik gabiltza batera, eta hainbeste urte pasa ondoren, batera jarraitzen dugu eta dena zure gidaritza onagatik. (...)Pilota mundu honetan mugitzen garen guztiok eta zu ezagutzen zaituzten guztiek ondo dakigu izugarrizko pertsona zarela eta izugarri baloratzen dugula zure lana. Horregatik, norbaitek galdetuz gero, harro esango diogu guretzako munduko entrenatzaile onena izan zarela. Horrez gain, beti eramango zaitugula bihotzean, badakigulako zugatik izan ez balitz, ez ginatekeela ez pilotari, ez garen pertsonak izango. Eskerrik asko Joseba".
Pilota partidua ere bai
Pilota zale bati egin dakiokeen opari handienetako bat pilota partidu bat denez, hori ere egon da gaurko omenaldi ekitaldian, eta horixe izan da, gainera, Joseba Iñurrategi izendatu berri duten pilotalekuan jokatu den lehen partidua. Hamar tantora, gorriz, Oier Urrutia eta Unai Iñurrategi aritu dira; urdinez, Eneko Zubizarreta eta Mikel Errarte. 10-6 egin zuten.
Partiduaren ondoren, omendua agurtzeko eta talde argazkiak egiteko unea izan da. Batetik, Iñurrategirekin batera pilotari izandako asko gerturatu dira Bergara, Antzuola, Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatzakoak, hain zuzen. Bestetik, epaile ibilitako lagun asko ere etorri dira. Horrez gain, zenbait herritako delegatuak ere bai. Guztiek egin dute talde argazkia.
"Oso eskertuta nago"
"Benetan hunkituta eta eskertuta nago", esan digu ekitaldiaren amaieran Joseba Iñurrategik, "oso pozik eta oso eskertuta", gehitu du. "Ezusteko oso atsegina izan da, polita".