Olazar eta hilerri arteko hegala konponduko da

Mirian Biteri 2013ko abe. 19a, 12:47
Asteone gindako ezohiko osoko bilkuran, hasierako onarpena eman diote datorren urteko aurrekontu proiektuari. Bildu eta Elizateetako ordezkariek alde bozkatu zuten, eta EAJ eta Ezker Anitza-IU alderdien zinegotziek, aldiz, kontra. Aurrekontua 5,3 milioi euro ingurukoa da.

Eztabaida handirik ez zen izan martitzen arratsaldean Eskoriatzako udaletxean. Ezohiko osoko bilkura egon zen, eta tartean, datorren urteko aurrekontuak lantzekoak ziren udal ordezkariak. Beñat Herce alkateak proiektua labur azaldu ostean, Elizateetako zinegotzi Iñaki Madinabeitiak baino ez zuen berba egin; elizateetako inbertsioei dagokionez, adostasuna lortzeko "esperantza" agertzeko. Gainerako alderdien ordezkariek ez zuten adierazpenik egin gura izan.

Jarraian, bozketa egin zuten: Bildu eta Elizateko ordezkarien aldeko botoarekin onartu ziren kontuak; EAJ eta Ezker Anitza-IU alderdiek kontra bozkatu zuten; eta PSE-EEko ordezkaria, berriz, ez zen bilkuran izan.
Esan bezala, alkateak eman zituen aurrekontuen gaineko hainbat pintzelada. Kontuak 5,3 milioi euro ingurukoa izango direla aurreikusi dute.

Sarrerei dagokionez, zerga eta tasa gehienak izoztu arren, datorren urterako sarrera gehigarriak aurreikusten dute, bereziki, Udalen Fondo Foralaren gorakadagatik, zerga eta tasak eguneratzeagatik, iruzurra txikitzeagatik eta hainbat urtetan aurrekontuetan sartu izan ez diren laguntzak baieztatu direlako. Bestalde, gastuei dagokionez, helburua gizarte beharrizanak bermatzea dela jakinarazi zuen alkateak. Kontuak egiterakoan kontuan hartutako printzipioetako bat udal zerbitzuak mantentzearena izan dela ere azaldu zuen.

Hiru kontratazio berri

Proiektuan lehentasun estrategikoak finkatu ditu Udal Gobernuak. Guztien artean garrantzitsuenetarikoa da ekonomia eta enplegua. Horren harira, honakoa adierazi zuen alkateak: "Bai Udaletik bai eta parte garen Debagoieneko Garapen Agentziatik esfortzu garrantzitsua egingo da enplegua sortzeko, ekintzailetasuna sustatzeko, tokiko komertzioari laguntzeko eta enpresen lehiakortasun eta dibertsifikazio nahiz internazionalizazioa garatzeko". Eta iragarri zuen Jaurlaritzak eta Aldundiak emandako laguntza bidez hiru kontratazio egingo direla datorren urtean.

Inbertsioen berri ere eman zuen. Hiru mota daude horren bueltan: duten arrisku mailagatik urgentziaz abordatu beharrekoak, batetik; ingurumenaren zaintzara bideratutakoak, bestetik; eta inbertsio produktiboak edo inbertsioa egiteak gastu arruntaren murrizketa suposatzen dutenak.

Inbertsioak

Hortaz, honakoak dira egingo diren inbertsio garrantzitsuenak: Olazar eta hilerri artean dagoen hegalean horma berreraikitzea, kiroldegiko makina gela konpontzea eta igerilekuko sakonera murriztea, Olazar eta industrialdeko bidegorriko argiteria aldatzea, Hidalga kalean inpermeabilizazio lanak egitea, hilerrian obrak egitea, elizateetako inbertsioak, auzokonpostagune berriak eta mankomunitatetik bideratuko diren hondakin bilketarako, Horrez gain, mugikortasun proiektua eta Zaldibar antzokia martxan jartzeko asmoa ere badago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak