Eskoriatzako Udalak krisiari aurreko egiteko ekarpenak jaso gura ditu

Mirian Biteri 2013ko abe. 9a, 16:55

Eskoriatzan Eskohitza izeneko parte-hartze prozesua jarri dute martxan ostera ere. Etzi, eguaztena, egingo dute horren gaineko lehen batzarra. Gaur egun bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean, proposamenak jasotzea da bilkura horren asmoa.

Udaletik azaldu dute amaitzear dagoen urtean, 90.000 eurotik gora bideratu dituela eskoriatzarren artean gizarte laguntzak banatzeko eta enplegua sustatzeko. Datorren urteari begira, Udal Gobernua prestatzen dabilen aurrekontuetan partida horiek mantentzeko asmoa izateaz gain, 10.000 euro gehiago jarriko ditu, egungo egoerari aurre egiten laguntzeko.

Bigarrena, Apotzagan

Horren bueltan, eskoriatzarren iritziak, ideiak eta proposamenak ezagutu gura ditu, eta gaia aztertzeko batzarra deitu du. Esan bezala, etzi, eguaztena izango da hori, 18:30ean, herriko kultura etxean. Elizateetara ere helduko da gaia abenduaren 18an, 19:00etan, Apotzagako elkartean egingo duten bilkura bidez.

Udaletik nabarmendu dute proposamenak askotarikoak izan daitezkeela; baina, egoera pertsonalak konpontzera bideratuta daudenak baino, nahiago dutela "komunitarearendako onuragarriak" diren iritziak jasotzea. Eta adibide bat jarri dute: Udalari lokala eskatzea, etxean ditugun produktuak hara eroateko, eta lokala erabiltzen duen beste norbaitekin behar dugun beste produktu batengatik trukatzeko.

Bestalde, batzarrera joan ezin direnek ere parte hartzeko aukera izango dute honako bideak erabiliz: proposamena posta elektronikoz bidalita, eskohitza@eskoriatza.net helbidera bidalita; www.eskoriatza.net webgunean idatziz; gaurtik hilaren 20ra arte, 09:00etatik 14:30era, 943 71 44 07 zenbakira deituta; edo kaleratu diren eskuorria bete eta udaletxean, liburutegian edo kiroldegian dauden postontziak erabiliz.

Egindako ekarpenak aztertuko dituela, eta urtarrilaren bukaeran aurrekontuetan zeintzuk jaso diren jakinaraziko du Udalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak