Euskararen aldeko errotuluak jarriko dituzte datorren astean Eskoriatzan

Mirian Biteri 2013ko aza. 28a, 10:59

Euskararen Egunaren bueltan askotariko ekintzak dabiltza antolatzen Eskoriatzan. Besteak beste, euskararen erabilera bultzatzeko errotulu berriak jarriko dituzte datorren astean herriko hainbat eraikin publikoetan. Horrez gain, zapaturako Euskararen Eguna gertatu dute Hankamotx bertso eskolak eta gaztelekuak elkarlanean.

Euskara zinegotzi Maider Landak jakinarazi du herriko hainbat eraikin publikoetan egongo direla horiek: hain justu ere, udaletxean, liburutegian, museoan eta kiroldegian. Horrez gain, herriko sarrera-irteeretan ere jarriko direla gaineratu du. Horien bidez Eskoriatzan euskaraz badakitela, eta hortaz, toki horietan erabiltzeko gonbidapena egin gura izan dela esan du zinegotziak.

Errotuluak dagoeneko diseinatuta daude, eta datozen egunotan egingo dituzte. Asmoa da martitzenerako, Euskararen Egunerako, jarrita izatea.

Bestalde, abenduaren 3an da Euskararen Eguna eguna. Aurten egun hori jai giroan ospatzeko asmoa dute Eskoriatzan, eta hori dela-eta, zapatura aurreratzea erabaki dute. Egitarau erakargarria antolatu dute elkarlanean Hankamotx bertso eskolak, gaztelekuak eta Eingeinkek:

  • 13:00 Bertso kalejira Arkaitz Estiballes eta Oihana Bartra bertsolariekin.
  • 14:30 Herri bazkaria egingo dute Egokiena elkartean; bazkalostean, saioa eskainiko dute kalejiran ibilitako bertsolariek.
  • 18:00 Mihiluze Erraldoia lehiaketa izango da kontzejupean. Ordu erdi lehenago emango da izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak