Lukas Prest: "Eskoria-tza taldeak entseatzen zuen lokalean gaude; agian, zerbait jaso dugu"

Jagoba Domingo 2013ko aza. 27a, 01:00

Hamar urteko ibilbidea bete du aurten Lukas Prest talde eskoriatzarrak. Hori gutxi balitz, hiru kantu berri grabatu dituzte eta Interneten jarri dituzte entzungai; hardcorea ikur bezala izaten jarraitzen dute, baina, oraingoan, metalerantz ere jo dutela aitortu digute. Urte batzuk lozorroan egon ondoren, 2012ko udaberrian esnatu zen laukotea eta ordutik hona ez da geldi egon. Aurtengo irailean ere, bateria-jole berria estreinatu zuten, Drop! taldeko Alex Regaño, eta, datorren eguenean Inkernun eskainiko duten kontzertuan, taldearen lehenengo kontzertua gogora ekarriz, Piñak testigua pasatuko dio Regañori.

Nola joan da aro berri hau?

Egia esan, ez gara geldi egon, kontzertu dezente eman ditugu; gainera, abesti berriak egin ditugu; beraz, oso ondo. Abesti berri hauek, gainera, ezberdinak dira,  orain ere abesti gehiago konposatzekotan gaude, musikarien txanda da.

Izan ere, hiru kantu berri grabatu dituzue eta Interneten jarri dituzue entzungai.

Egia esan, ez genion buelta askorik eman buruari; Eten izeneko bilduman, biolentzia sexistaren aurkako bilduman, parte hartzeko gonbita heldu zitzaigun eta estudiora sartzea erabaki genuen. Bildumarako kantu bakarra eskatu ziguten, baina, behin estudioan egonda, beste bi kantu grabatzea erabaki genuen. Orain entzuten ditugunean motz egiten zaizkigu, gehiago grabatzeko gogoz geratu ginen.

Eta kantuak Interneten jartzea erabaki zenuten?

Bai; hasiera baten, ez geneukan oso argi zer egin kantuekin; beraz, Interneten entzun eta deskargatzeko jarri genuen; azken finean, kantu berriak zabaldu nahi genituen. Azkenengo kontzertuetan, baina, Gasteizko gaztetxean, adibidez, etxean kopia batzuk egin  eta bertan banatu genituen. Hurrengoetan ere hala egingo dugula uste dugu.

Nekrosounds estudioan grabatu zenituzten kantuak.

Bai, irailean sartu ginen estudioan eta bi-hiru astean amaitu genuen. Egun batean bateria, hurrengoak Zeke-k eta Lili-k gitarra eta baxua eta ahotsak ondoren. Egia esan, nahiko inprobisatua izan zen grabazioa; Anger-ekoak, adibidez, koroak grabatzera etorri ziren eta bertan erabaki genuen non eta nola sartu. Estudioan oso eroso sentitu ginen, inolako presiorik gabe grabatu genuen-eta. Esan bezala, dezente inprobisatu genuen eta emaitzarekin pozik gaude.

Kantu berriek aurrekoekin aldea dute, ezta?

Dezente, hardcoreagoak direla esan daiteke; oraingoan, gainera, metaletik ere badute zerbait.

Kantuen hitzak...

Apur ditzagun arauak gay komunitatean erabili izan den mezu bat izan da, arau heterosexista edo eredu heteropatriarkalarekin apurtzeko. Sua, ordea, Eten bildumarako grabatu genuen kantua da, patriarkatuaren eta matxismoaren inguruan hitz egiten duen kantua da.

Zelan sortu zen bilduman parte hartzeko aukera?

On taldeko Itsasok, mail masibo bat bidali zuen eta animatzea erabaki genuen. Hura ere erlojupeko lasterketa bat izan zen, ostiralerako kantua entregatu behar genuen, eta ostegun gauean edo ostiral goizean amaitu genuen.

Berriz hasi eta gustura zaudetela ikusita, kantu berriak egiteko beharrik sentitu duzue?

Bai, gogoa badugu. Abesti zaharrak hor daude, eta, egia esan, orain beste rollo bat hartu dute. Urte dezente pasatu dira, eta orain, kantuak berriz jotzean, indar edo gorputz handiagoa dutela uste dugu. Baina abesti berriak jotzeko, egiteko eta entzuteko gogotsu gaude.

Duela 10 urte hasi zineten eta datorren eguenean kontzertu berezia duzue Inkernun.

Bai, hasi ginen lekura bueltatuko gara; izan ere, lehenengo edo bigarren kontzertua bertan eman genuen; gainera, Gabon inguruan izan zen. Berezia izango da, taldean ibilitako bi bateria-joleek joko dutelako; Piña-k eta Alexek. Polita izango da.

Talde beteranoa izanik, zelan ikusten duzue gaur egungo panorama musikala Eskoriatzan?

Mugimendu apur bat badago, duela urte batzuk baino txikiagoa, baina egon badago. Besteak beste, Hankaz Gora eta Freedom Boys gazteak hor daude.

Eta hardcorea?

Leintz bailaran gutxi; gu eta Drop! Bergaran, adibidez, ohitura egon da eta oraindik ere badago. Fly Shit-ek eta Hardflip-ek, adibidez, Tapoi Fest jaialdia egiten dute eta hardcore-zale dezente biltzen gara bertan. Euskal Herri mailan ere... zerbait badago, baina ez da eszena sendoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak