Diana, Tatiago eta La Marcha de San Sebastian izan dira Beheko Errota Berri musika eskolakoek jo dituzten Sarrieguiren hiru obrak. Euskal Herriko musika eskolen taldeak iradoki zuen konpositore donostiarra omentzea eta Eskoriatzakoek bat egin dute dei horrekin.
Protagonista nagusiak umeak izan dira. Txikienek danborra eskuetan zutela eta helduagoek bakoitza bere instrumentua zutela ibili dira, irakasleen aginduak jarraituz. Musikarien gurasoak, familiakoak... ere bertaratu dira gazteek urte guztian zehar egiten duten lana ikusteko. Bukaeran umeak gustura agertu dira eta batzuek musikari izateko esperantza dutela esan dute.
Danborradaren ondoren, ondo merezitako txokolate-janaz disfrutatzeko aukera izan dute umeek eta baita ere bertaratutako guztiek.