Pirritx, Porrotx eta Marimotots: "Bizipoza ematera goaz"

Mirian Biteri 2013ko aza. 22a, 10:16

Bihar Pirritx, Porrotx eta Marimotots izango dira gurean Bizipoza ikuskizun berria estreinatzen. 17:30ean hasiko da emanaldia kiroldegian, eta sarrerak salgai daude toki berean, sei eurotan. Denboraz larri badabiltza ere, tartetxo bat atera dute pailazoek guretako.

Zer moduz zaudete ?
Marimotots: Ohitu gara Bizipozara eta ederki gaude.
Porrotx: Errepideetan barrena Euskal Herria zeharkatzen.

Panpoxa furgonetarekin etorriko zarete bihar?
Marimotots: Bai, Panpoxarekin eta hainbat lagunekin.
Porrotx: Panpoxarekin aireportura joan nahi dugu, Txernobildik Igor laguna datorkigu, osasuntsu jartzeko, eta bere bila joan behar dugu.
Marimotots: Zaharra da gure furgoneta eta ez dakigu martxan jarriko den edo ez. Bidean hainbat lagunekin topatuko gara. Nire amatxorekin, adibidez. Loreto Hobeto da bera, itsu dago.
Porrotx: Begiekin ez, baina entzumenarekin, ukimenarekin...
Marimotots: Eta batez ere bihotzarekin ikusten du.
Porrotx: Berak erakutsiko digu gauza txarren aurrean ere beti badagoela zer ikasi.
Marimotots: Gorka konpontzaileak gurekin egingo du topo bidean, eta berarekin batera, Lagun txakurra; laguntza txakurra du.
Porrotx: Gorka gurpil aulkian ibiltzen da eta berarekin saskibaloian ere arituko gara.
Marimotots: Eta furgoneta konponduko digu. Baina, halako batean, plater hegalaria etorriko da eta istripua izango du gure furgonetarekin.
Pirritx: Dena dela, ez diegu dena kontatuko. Ikuskizunera datozela eta disfruta dezatela gurekin!

Eta kontatu, zelakoa da dekoratua? Panpoxa ikusiko dugu, ezta?
Pirritx: Bai, Panpoxa bere bi begi handi eta ahoarekin.
Porrotx:  Bizipozaren ilea eta parte handi bat. Eta partean...
Marimotots: Ez esan, ez esan, diskuidatuz gero Txilibito etorriko da eta isuna jarriko dizu.
Pirritx: Bai Porrotxek hainbat jaso izan ditu.

Pertsonaia berri asko bai, baina laguntza asko ere izan duzue grabatutako disko berrian..
Marimots: Ustez askotan guk laguntzen dugu eta oraingoan beste batzuek lagunduko digute guri.
Porrotx eta Marimotots: Eman eta jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori.  
Porrotx: Bizipoza ikuskizuna egin dugu, baina baita diskoa ere; 20 kantu eta 20 ipuintxoz osatuta dago eta bertsolari, musikari... Lagun mordoak parte hartu du; tartean, 11 elkarte hainbat gai lantzen dituztenak. Oso pozik gaude.

Bestalde, urtero Eskoriatzara etortzen zarete, Debagoiena mailan lan berria estreinatzera. Zergatik?
Porrotx:  Dagoeneko ohitura bihurtu zaigulako. Eta gura amonak dio ohitura ona ez dela aldatu behar. Ongi pasatzen dugu, aspaldiko lagunak gara; lagun zahar eta berriak ikusten digu urtero eta oso pozik goaz Eskoriatzara. Eta gero, poliki-poliki, eskualde osora: Aretxabaleta, Bergara, Arrasate, Oñati. Bazter guztietatik ibiltzen gara. Oso maitatuta sentitzen gara.    
Pirritx: Gu goaz Bizipoza ematera... baina askotan Bizipoza zuek guztiengandik jasotzen dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak