Euskararen bueltan tailer berria antolatu dute abenduaren 2rako Eskoriatzan. Hain justu, Zergatik ez? izena du horrek, eta hizkuntza ohituren hausnarketaz haratago, norbanako bakoitzarengan euskararen erabileran eragitea du helburu. Saioa Ibarraundi museoan izango da, esan bezala, abenduaren 2an, 18:00etatik 20:30era.
Udaleko Euskara Zerbitzutik jakinarazi dute horretarako plaza kopurua mugatua dela eta abenduaren 2an eskainiko bada ere, azaroaren 29a baino lehen eman behar dela izena. Hiru bide daude apuntatzeko: Herriko kultura etxera joanda, 943 71 46 88 telefono zenbakira deituta edo euskara@eskoriatza.net posta elektronikora mezua bidalita. Ez da ezer ordaindu beharrik; debalde da.
Kataluniatik
Tailerra Kataluniako Tallers per la Llenguak diseinatutakoa da katalanaren erabilera sustatzeko helburuarekin. Topaguneak hura hartu eta euskararen egoerara moldatu egin du, eta Eskoriatzara Bergarako Jardun euskara elkartearen eskutik helduko da. Horren harira, Euskara Zerbitzutik azaldu dute elkarteko kide batek eskainiko du tailerra.