Lur gainean entrenatu eta gero, elurretarako unea da

Goiatz Arana Begiristain 2013ko aza. 21a, 01:00

Elsa, Ipar, Frida, Lagun, Oker, Xiba, Irati, Guma... 11 guztira. Itoitz Armendaritz musher eskoriatzarraren taldeko txakurrak dira, eta egubakoitzean aurkeztu zizkigun Eskoriatzan bertan, Ibarraundi museoaren kanpoko aldean. Uluka aurkitu genituen  bertaratu ginenean, euren erara protesta egiten, nahiz eta eurentzako moduko giroa zegoen: hotz egiten zuen.

Egun bizi den tokitik, Lukotik, ekarri zituen Armendaritzek, furgonetari lotutako karroan sartuta. Museoaren aurreko aldeko zelaira atera zituen, ilaran lotuta jarri, eta jaten eman: arroza eta okela, ur beroarekin nahastuta. Ulurik ez zen orduan, mingainarekin miaztuz dantzan jarri zituzten metalezko ontzien zarata baizik. Eta behin bukatutakoan, atzera ere euren txokora; botatzen zuen euri zaparradarekin, musherrak museo barruan hitzaldia egin bitartean blai geratuko lirateke osterantzean.  

Ikusmina 

Txakurrek bultzatutako lerekin mendian egiten diren lasterketei deitzen zaie mushinga; elurretan, nahiz lehorrean praktikatu daitekeen kirola da. Eta eskarmentua duen musherra da Itoitz Armendaritz. Kirol hori ezagutaraztera, lasterketetan parte hartzerakoan erabiltzen duen materiala erakustera, txakurrekin duen erlazioa azaltzera eta, denboralditik kanpo, musherraren egunerokotasuna nolakoa den kontatzera etorri zen. Armendaritz hizketan entzutea eta txakurrekin hartu-emanean ikustea nahikoa izan zen egiten duen horrek berarentzako suposatzen duenaz jabetzeko: bizi egiten du mushinga. Gozatu egin zuen egubakoitzeko saioan eta goza erazi egin zien hitzordura batutako 30-40 lagunei. Haur, gazte eta helduek arretaz jarraitu zituzten Armendaritzen azalpen eta mugimenduak, eta galderak egiteko ere baliatu zuten aukera, mushinga kirol ezezaguna delako askorentzat oraindik.

Genetika, elikadura eta ariketa 

Ehiza txakurrarekin nahastutako husky siberiarrak dira Itoitz Armendaritzen 11 txakurrak: taldea osatzen dutenak hamar eta zortzi hilabeteko txakurkume bat. Ez dago arraza moduan errekonozituta, baina eurentzako izango balitz moduan da; eta irabazitako lasterketak, txapelketetako emaitzak, dira pedigria mushingean.

Txakur oso onak dira genetikoki, "perfekziotik hurbil daude", eta musherraren esku daude elikadura eta entrenamendua; hiru horiek dira, hain justu, oinarriak. Armendaritzek egunean behin ematen die jaten: arroza okelarekin (egun batean oilaskoa eta bestean txekorra), urarekin nahastuta. "Kirolariak direnez, oso garrantzitsua da lasterketetan hidratatua edo gain-hidratatuta irtetea", dio. Eta pentsuari dagokionez, garbi ditu ideiak: "Orduan eta naturalago jan, gehiago errenditzen dute, eta lesio eta gaixotasun gutxiago izaten dituzte. Urtetan eman diet pentsua, baina duela sei urte elikadura aldatu nuen eta frogatu dut ez dela ona; erosoa bai, baina ona ez".

Entrenamenduei dagokienez, ikerkuntza dela dio eskoriatzarrak, baina lasterketetara joanez eta esperientziarekin ikasten dela hori ere. Baina egingo duzun lasterketa motara bideratuta prestatzea da abiapuntua. Armendaritzek distantzia erdiko lasterketak egiten ditu, 25-60 kilometro artekoak eta bi  modutara entrenatzen ditu txakurrak. Hemen dauden bitartean, lur gainean entrenatzen dira, quad batekin. Intentsitate handiko saioak izaten dira eta poliki egiten dute lan, lurra oso agresiboa delako hanketarako nahiz muskuluetarako. Txakurren indarra eta potentzia lantzen dituzte modu horretan, eta elurretara joaten dira ostean.

Orduantxe hasten da benetako gozamena. Lasterketa baino hilabete-hilabete t'erdi lehenago elurretara joaten dira, eta abiadura lantzen dute han: "Txakurra ordurako fuerte dago eta lesio gutxiago egoten dira". Entrenamendua progresiboa da, beraz. 

Emeak aurrean, arrak atzean 

Armendaritzek aurrean, taldea gidatzen, jartzen ditu txakurrik azkarrenak -buruz eta fisikoki- eta horiek emeak izaten dira normalean; atzean, aldiz, indartsuenak, arrak gehienetan. "Garrantzitsua da nola lotzen dituzun" dio. Lepotik eta gorputzetik lotuta joaten dira, arnes bidez: "Lepotik, gidatzeko, eta zabaldu ez daitezen; eta gorputzetik, indarra egiteko. Indar guztia arnesarekin egiten dute, atzeko sokatik, eta oso garrantzitsua da trakzioa ez galtzea, bestela oreka galtzen delako eta erorketak edo lesioak izan daitezkeelako. 

Hitzezko komunikazioa 

Ezkerrera edo eskuinera joan behar duten esateko, animoak emateko... garrantzitsuak dira musherrak txakurrei esandako hitzak. Eta garrantzitsua da abiadura kontrolatzen jakitea ere: "Lasterketa hasieran ematen dizute profil bat, eta bertan ikusten da dagoen desnibela. Oso garrantzitsua da hori ondo aztertzea, estrategia on bat diseinatzeko. Lasterketa bukaeran aldapa gora baldin badago, adibidez, komeni da indarrak gordetzea. Horra osorik heldu behar da taldea, eta hor dago gure lana". Lerak azpiko aldean duen gomazko tapiz batekin kontrolatzen du abiadura: freno batekin kontrolatzen du tapiza; eta tapizarekin, abiadura. Eta musherraren esku badago besterik: lasterketako etapa bakoitzera zenbat eta zein txakur eraman jakitea, eta txandaka deskantsua ematea. Egun askotako lasterketetan, estrategia jokoa ere badago, beraz.

Garrantzitsua da musherra bera ere forma fisiko onean egotea. "Batzuetan, akatsa izaten da norbera ez entrenatzea", dio eskoriatzarrak. Udan bizikletan eta korrika ibiltzen da, eta neguan kiroldegira joaten saiatzen da astean birritan. Baina fisikoak bezainbesteko garrantzia gutxienez badu buruak ere; alde psikologikoak pisu handia du.

Denboraldia hasteko puntuan 

Mushingean ez dago ez zapatu ez domekarik eta lana suposatzen du urtean zehar, beste ezer baino gehiago. Urte osoko lanaren emaitza ikusteko momentua gainean dago, ordea: abendu erdialderako Frantziako Alpeetan izango da Itoitz Armendaritz, elurretan entrenatzen; eta urtarrilean, handik Italiara joango da, Alpen-Trail lasterketan parte hartzera. Zeropeko tenperaturekin, gustura izango dira txakurrak; gorriagoak ikusiko ditu seguruenik musherrak, baina berdin dio. Urte osoan izan du lasterketa hori buruan eta errepidera irteteko desiratzen dago. Konfiantza osoa du bere taldearengan eta itxaropentsu dago. Zorte on Itoitz!

-----------------

Historia ala anekdota?

Egun kirola dena garraiobide izan zen antzina eta liburuek diote gizakien herri bat salbatu zutela txakurrek: orain 100 urte inguru, Alaskako herri batean izurrite bat sortu zen. Urtarril, otsail, martxo ingurua izan behar zuen nonbait, eta ez zegoen bertara medikamentuak eramateko modurik. Gizonezko bat boluntario aurkeztu zen orduan, txakurrek bultzatutako lera gidatuz bertaraino ailegatzeko. Botikak eraman eta izurritea zabaltzea saihestu zuten.

-----------------

Lau lasterketatan izango da

Urtarrilaren 17tik 25era Italian jokatuko den Alpen-Traila da denboraldiko lasterketa garrantzitsuena Itoitz Armendaritzentzat; iaz bosgarren egin zuen. Horrez gain, joango da Galiziara eta Baqueira Beretera, Espainiako lur gaineko eta elur gaineko txapelketetara; azken urteetan podiuma egin du bietan. Eta joango da Soriara ere, Covaleda eta Vinuesa ingurura, proba berri batean parte hartzera. Finlandian jokatuko den Europako txapelketarako ere sailkatuta dago, baina ez da joango. "Espainiako Selekzioak ez du ia laguntzarik ematen –neguko kirol federazioak eskian xahutzen du diru gehiena–", eta gastu handiegia da osorik bere gain hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak