Eskoriatzako Torrebasoko parkea handitzeko asmoa dute

Mirian Biteri 2013ko aza. 8a, 10:31

Eskoriatzan dagoeneko badabiltza datorren urteko aurrekontuak prestatzen, eta horren bueltan, Gazteria sailetik umeei zuzendutako ekintza gertatu dute biharko, Luis Ezeiza eta Arizmendiko gurasoek lagunduta. Hain justu, Torrebaso jolas parkearen bigarren fasea diseinatzeko egitasmoa jarriko dute martxan, umeen laguntzarekin. Iritzia eskatuko zaie haurrei.

Bihar, zapatua, egin dute hitzordua, 17:00etan. Eguraldi ona egiten badu, plazan elkartuko dira, eta bestela, herriko udal pilotalekuan. Bost eta hamabi urte bitarteko neska-mutikoek  parkeari buruzko marrazkiak eta collageak egingo dituzte horretan, guraso batzuk lagunduta. Jarraian, egindako lanak hartu eta horietan agertzen diren ideiak kontuan izango dituzte fase berriaren proiektua egiterakoan.

Ipuin antzeztua

Eguna ez da hor bukatuko. Ariketa amaitzean, 18:00ak inguruan eta toki berean, Ametsen fabrika haurrendako ipuin antzeztua eskainiko dute Aizarnazabalgo Adiskide bertso eskolako kideek. Emanaldi horrek ondo pasatzeko pizgarri guztiak ditu: bertsoa, umorea, suspensea... Askotan esaten den moduan denok daukagu ume bat barruan eta ume hori kanporatzen saiatuko dira bertso eskolakoek. Umeei guztiei dago zabalik antzezlana, aurreko ariketan parte hartu ala ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak