Zergak izoztuko ditu Udalak, hondakin eta ibilgailuena izan ezik

Ane Miren Etxeberria 2013ko urr. 30a, 12:12

Martitzenean eginiko ez ohiko osoko bilkuran, hainbat puntu aztertu eta onartu ziren, besteak beste datorren urteko tarifen izozte partziala eta herriko komertzioa sustatzeko ekimen berri bat. Baina ez ziren eztabaidatu eta jorratu ziren gai bakarrak, izan ere, 16 puntuz osaturiko gai zerrendak eman zuen zer esana.

Lehenik eta behin, goizean, herriko gazteek eginiko pleno simulatuaren berri eman zuen alkateak. Goiz horrek emandako nondik norakoak eta horman kokatutako marrazkien berri eman zuen. Horretaz gain, Beñat Herce alkateak, Fagorreko langileekin bere solidaritatea adierazi zuen. Gorka Azpitarte presoaren egoeraren berri ere eman zuten bilkurako lehenengo minutuetan. Han izan ziren presoaren lagunek mozio bat aurkeztu zuten. Bilkurak mozioa onartu zuen.

Hortik aurrera, gai zerrendako beste puntu guztiak jorratzeari ekin zioten. Udal etxebizitza tasatuak arautzen dituen udal ordenantza aldatzeko proposamena egin zuen udal taldeak. Hala, figura berri bat gehitu nahi da ordenantza horretan, alokairuaren bidez etxebizitza erosteko aukera. Izan ere, azkenengo etxebizitza tasatuetan, 32 etxebizitzetatik 16 banatu zirela aipatu zuen alkateak eta beste guztiak hutsik geratzeko arriskuan izatean, beste figura honen bidez betetzeko aukera gehiago egongo direla uste dute. Formula hau bideragarria dela ikusi da beste herri batzuetan eta Eskoriatzan ere bide hori zabaldu nahi dute. Aho batez onartu zuten aldaketa hau.

Urbanizazio obrak exekutatzeko berme bezala Aitzorrotz S.Lek jarritako abala kitatzeko baimena ere jorratu zen plenoan. Lanak amaitu direla eta abala itzultzeko erabakia aho batez hartu zuten zinegotzi guztiek.

Kargu aldaketa eta kirol zerbitzuak

Azkenengo bilkuran aditzera eman zen bezala, Itziar Martinezek bere kargua utzi eta Maider Landak ordezkatu du bere lanetan, hori dela eta martitzeneko bilkuran, Landak berak, Itziarrek aurretik ordezkatzen zituen erakunde eta organotan ordezkaritza betetzea eskatu zen. 7 baiezko eta 3 abstentzioekin, onartua geratu zen proposamena, beraz, Martinezek betetzen eta ordezkatzen zituen organo guztietan Landa izango da ordezkari, baita Ogasun Batzordeko kide ere.

Kirol Zerbitzua emateko kontratazioaren inguruko gai jorratu zenean, eztabaida txikia piztu zen bilkuran, izan ere, Igor Ezpeleta kirol zinegotziak aditzera eman zuen, langile berri baten beharra dagoela, antolatuko diren ekintzak, sorospen zerbitzua, pilotalekuaren irekiera eta itxiera kontrolatzeko zerbitzua eta beste hainbat lan izango burutu eta kudeatzeko. Orain arte bezala, enpresa bat kontratatuko da edota pertsona bat. Ezker Anitzeko Juan Merinok adierazi zuen, ez dutela argi ikusten profil horretako beste pertsona bat behar denik, badagoela teknikari bat gaur egun eta horrek egin beharko lituzkeela lanok. Gainera, "putzu beltza" bat dela adierazi zuen, "diru asko joaten da kirol arloan, beharrezkoa da kontratazio hori?" galdetzen zuen Merinok. EAJko zinegotzi Aitor Urrutia, Merinorekin ados azaldu zen eta zenbat "lagun gehiago" lanean sartu behar zituzten galdetu zien EHBilduko zinegotziei. Elizateko zinegotziek txosten bat eskatu zuten gai honen inguruan jarraipen bat egin eta kostuak zeintzuk diren ezagutzeko. Zortzi baiezkorekin eta bi ezezkoekin onartua geratu zen.

Ordenantza fiskalak eta diru-laguntzen plana

Datorren urtera begira tarifak onartu behar direla eta, 2013ko tipoa eta tarifak mantentzea proposatu zen udalbatzan. Zerga gehienak izozteko proposamena aztertu zen, bi salbuespenekin, hondakinak eta ibilgailuen gaineko zerga. Hondakinen zerga %3 igoko da eta ibilgailuen gainekoa %2. Honek guztiak, familia bakoitzak 6 euro gehiago ordaindu beharra adierazten du. Alkateak argi utzi zuen, argi duela familia asko oso gaziki pasatzen ari direla egoera ekonomikoa dela eta, horregatik proposatzen dituztela tarifa hauek. Ezker Anitza eta PSE abstenitu egin ziren, Merinoren ustez, tarifa guztiak izoztu beharko bailirake. PSEko zinegotzi Canterok ere ordenatza hau positibotzat hartzen du baina hondakinetan eta ibilgailuetan igoera ematearekin ez dago ados. EAJ kontra azaldu zen, hala ere, onartua geratu zen ordenantza fiskala.

Honekin batera, tokiko garapena eta herriko komertzioa bultzatzeko proposamen bitxia aurkeztu zen bilkuran. Kontua da, ordenantzan dauden bonifikazioak diru laguntza bilakatu nahi dituela udal gobernuak. Garapen soziala eta ekonomikoa bultzatzen dituzten ekintzak bonifikatu nahi dira, "herrian berinbertitzea nahi dugu, herrian gastatu eta herriko komertzioak sustatu. Komertzio oso desberdinak ditugu herrian, eta ez daude oso ongi pasatzen egoera ekonomiko honen aurrean, beraz, Astroki izena izango dituzten bilete batzuk atera nahi ditugu herriko komertzioetan erabili ahal izango direnak" adierazi zuen Beñat Herce alkateak. "Astroki batek euro baten ekibalentzia izango du, horrela, herriko dendatan astroki horrek erabili eta dirua herrian geratzen dela bermatzen dugu, dendak indarberrituz". EAJk, kontzekuente izate aldera, plana onartu zuen "neurriak hartu behar dira, zerbait egin behar da enplegua eta ekonomia sustatze aldera, beraz, behingoagatik zorionak" adierazi zuen Urrutiak. PSEko zinegotzia ere ideiarekin bat etorri zen, positiboa ikusten duelako "diru herrian geratzen delako eta ekonomia sustatze aldera mugimendua" ikusten duelako. Elizatekoak aldiz ez zeuden konforme, diskriminazio geografikoa ematen dela aipatu zuten, "elizateetan errealitate desberdina dago eta bonifikazio horietaz difrutatzeko arazoak egongo dira" adierazi zuen Iñaki Madinabeitia zinegotziak. Ezker Anitzeko  zinegotzia ere kontra azaldu zen "ideia honekin herritarrei derrigortzen diegu denda jakin batzuetan dirua gastatzera eta agian, herritar horiek nahiago dute beste toki batean erostea. Ideia ulertzen dut baina ez dut forma ikusten" zioen Merinok. Azkenenan, 3 kontrako bozka eta 7 baiezkorekin onartua geratu zen.

Koordainketa eta Emakumeen aurkako indarkeria

Taxi zerbitzuaren tarifa urbanoa eta Eskoriatza eta Barrundia udalen arteko mugak ere aztertu eta onartu ziren. Halaber, Udal talde sozialistak ospitaletan modu anbulatorioan ematen diren botiken koordainketa berria gaitzesteko mozioa aho batez onartu zen.

Azaroaren 25ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta mozioa aurkeztu zuen udalbatzak. Hainbat ekintza burutuko dira hile guztian zehar indarkeriaren aurka eta berdintasunaren alde. Mozioa onartu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak