Jolas parkeen alde egingo dute Eskoriatzako umeek egunotan

Mirian Biteri 2013ko urr. 28a, 07:00

Azken hilabeteotan askotariko apurketak izan dira Eskoriatzan, hala nola, udal pilotalekuan edo liburutegi ondoan dagoen jolas parkean. Horren aurrean, Udalak eta herriko ikastetxeek elkarlanean, gaia haurrekin batera aztertu dute, eta apurketa horiei erantzuteko hainbat ekintza jarriko dituzte martxan. Gaur hasiko dira horiekin.

Gaur, astelehena, Haur Hezkuntzako umeek horma-irudiak margotuko dituzte. Luis Ezeizako neska-mutikoak 11:00etan hasiko dira horma-irudiak egiten liburutegiko eta Intxaurtxuetako jolas parkeetan; Arizmendikoak, berriz, 10:00etan egin dute hitzordua Aranburuzabalan eta Dorletan. Margotu ostean, esandako parkeetan itsatsiko dituzte horma-irudiak, horiek zaintzeko beharra aldarrikatzeko.

Iritzia eman udaletxean

Horrez gain, bihar, martitzena, Eskoriatzako udaletxea hartuko dute umeek; osoko bilkura dute eta 10:00etan. Apurketen gaineko hausnarketa sakona egingo dute herriko ikastetxeetako neska-mutikoek, eta horren gainean duten iritzia ezagutarazteko aukera izango dute. 

Datorren astean ere izango dute zereginik. Azaroaren 5ean, martitzena, bideoa grabatuko dute apurketen gaia oinarri hartuta.

Jardunaldiak

Bestalde, jardunaldiak ere egingo dituzte azaroan. Hain justu, Aldatzen proiektua jorratuko dute. Besteak beste, elkarbizitza, errespetua, ingurumena eta apurketak bezalako gaien gaineko azterketa egingo dute Luis Ezeiza ikastetxeko eta Arizmendi ikastolako zenbait ikaslek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak