"Izan zirelako gara, garelako izango dira"

Imanol Gallego 2013ko urr. 20a, 17:38

Eskoriatzako EAJk bere mendeurrena ospatzeko alderdikideei omenaldia egin diete gaur herriko frontoian. Alderdikide ugari batzeaz gain, Joseba Egibar, GBBko presidente eta EAJren Legebiltzar taldeko bozeramailea eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea izan dira ekitaldian. Baita Debagoieneko beste hainbat ordezkari ere. Egibarren esanetan bi gauzaz daude harro: "Hasieratik bide politikoak soilik erabili izanaz eta herriarekin batera egindako ibilbide bat jorratu izanaz".

 

"Sustraiak indartuz" zioen eskenatokian zegoen atrilak, eta ekitaldia horrelakoa izan da. EAJk aurrera begiratu arren, aurrez bizitakoa ez du ahaztu eta azken mendean herrian nahiz Euskal Herrian bizitako gertakari garrantzitsuenez baliatu dira ibilbide hori ostera egiteko. Gerra zibila, ikastolen sorrera, Otsailak 23ko kolpea... asko izan dira jeltzaleek gogora ekarri dituzten uneak.

Diskurtsoan aipatu moduan "akatsak" izan dituztela onartu arren Joseba Egibarrek esan duen bezala, bi gauzaz harro daude "hasieratik bide politikoak soilik erabili izanaz" eta "herriarekin batera egindako ibilbide bat jorratu izanaz".

Azken mendean kolpe handiak jaso ditu alderdiak eta "EAJ eta EA banatu zirenean 80 kide izatetik 4 kide izatera pasa ginen" gogoratu du Aitor Urrita EAJtako Eskoriatzako presidenteak, "baina hala ere tinko jarraitu dugu".

Gaurkoa EAJren ondoan egondako herritarrei eskerrak emateko eguna izan da eta Andoni Ortuzarrek "eskerrik asko" batekin bukatu du bere diskurtsoa. Bere hitzetan erraz antzematen zen herriaren ondoan egindako ibilbideaz arro zegoela.

Alderdi kideek diploma jaso dute

Askok oroigarria familiakoen izenean jaso arren, guztiek eskerroneko azaldu dira. Gehienek ez zuten espero eta "egoerak eskatzen zuelako" edo "sinpatiagatik" egin ziren EAJko kide. Orain, urte ugari pasa ostean, harro daude euren alderdiak hartutako erabaki eta norabidearekin. Batek baino gehiago aipatu moduan "ospakizun hau ez da agur esateko modu bat, ospakizun hau, egindakoaz ikasi eta aurrera egiteko ospakizuna izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak