EAJko alderdikideak omenduko dituzte domekan frontoian

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko urr. 18a, 19:00

Mendeurreneko ospakizunen baitan gaur egubakoitza, 19:00etan hasita magia ikuskizuna egingo dute plazan. Ospakizunen azken ekitaldia, ostera, domekan izango da, 12:00etan hasita eta bertan azken 100 urteetan "alderdian lanean aritu direnak" omendu gura dituzte, 50 lagun inguru. Testigantzak entzungo dira, eta luncha ere egongo da.

Eskoriatzako EAJ-PNV alderdia bere mendeurrenaren ospakizunen azken txanpan sartu da. Gaur arratsaldean, esaterako, Tor magoak umeendako ikuskizuna eskainiko du, Fernando Eskoriatza plazan, 19:00etan hasita. Eta domekan, ostera, alderdikideei omenaldia egingo diete, 12:00etan hasita, frontoian.

50 alderdikideri omenaldia

Mende bateko bidea egin du EAJk Eskoriatzan, eta Aintzane Oiarbide batzarkideak aditzera eman duenez, abertzaletasun organizatuaren hasiera izan zen. "Eskoriatzarrek pentsatu dute denbora guzti horretan alderdian lanean aritu diren abertzale guztiei omenaldi bat egitea".

Hala, domekako ekitaldiaren helburu nagusia horixe izango da, EAJren alderdikideak eta alderdiaren inguruan aritu izan direnak omentzea. Aitor Urrutia zinegotzi jeltzaleak omenduak 50 lagun izango direla azaldu du.

Hala, eguerdian hasiko den ekitaldian hainbat testigantza entzun ahal izango dituzte bertaratzen direnek. "Gudari izandakoen ahotik zenbait istorio entzuteko aukera egongo da. Eta gerra zein diktadurako uneei buruz gurasoei edo aiton-amonei entzundakoak ere ezagutuko ditugu beste lagun batzuen ahotik". Domekan, gainera, oroigarri bana emango zaie omenduei. 

Aitor Urrutiak ere hartuko du hitza domekan. "Labur-labur ehun urtetako ibilbideaz egingo dut berba". Ekitaldiaren ostean, luncha egingo dute batzokian.

Ospakizunak bide onetik 

Domekako omenaldiak emango die amaieran ospakizunei. Urrutiak orain arte antolatutako ekimenek izandako erantzuna ona izan dela azaldu du. "Pozik gaude eta mendeurreneko ospakizunak bide onetik doazela gaineratuko nuke".

Esate baterako, antolatu dituzten berbaldietara –Iñaki Goiaga eta Paco Etxebarriak emandakoak– bertaratutako ikus-entzuleen kopurua ona izan dela azaldu du Urrutiak.

Eta erakusketak ere jendearen interesa piztu duela gaineratu du. "Bitxikeria bezala, aste honetan bertan eskoriatzar batek etxean zeukan materiala ekarri digula izan da".

Gaur, egubakoitza, izango da Kultura Etxeko erakusketa irekita egongo den azken eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak