Asier Some: "Internet bidez automobilismo munduko jende asko ezagutu dut, promozio-bide oso ona da"

Imanol Beloki Unamuno 2013ko urr. 13a, 02:00

Asier Some (Eskoriatza, 1997) Lanbide Eskolan ari da Mekanizazio ikasketak egiten. Autoak eta argazkilaritza dira haren zaletasun handienak eta biak batzen ditu. Askotariko lasterketetara joatea atsegin du eta bertan autoei argazkiak ateratzen dizkie. Hortik datorkio argazkilaritzarako zaletasuna. Ez da auto lasterketetan bakarrik argazkiak ateratzen ibiltzen, beste lasterketa mota batzuk ere atsegin ditu, baina benetan atsegin duena abiadura da.

Nolatan hasi zinen argazkiak ateratzen?

Aitak duen kamera txiki batekin hasi nintzen argazkiak ateratzen.Auto lasterketetara joaten nintzen eta bertan ateratako argazkiak oroigarri bezala gordetzen nituen. Ordutik aurrera, zaletasun bilakatu eta nire ekipoa erosi nuen, Canon 1100D bat. Ordutik hona, hainbat lasterketatara joan naiz argazkiak ateratzera: rallyetara, zirkuituetara… Argazkiak ateratzen horrela hasi nintzen, baina nire argazkiekin dirua irabazten nire lagun Andoni Motoren DJ saioetan hasi nintzen. Mesede gisa eskatu zidan argazkiak ateratzeko, eta, argazkien trukean, festa antolatzen zuen tokiko jabeak diru pixka bat ematen zidan. Eta, handik aurrera, beste hainbat festatan ere ibili izan naiz.

Zure argazkiak promozionatzeko, erabiltzen duzu webgunerik?

Bai; hasiera batean, Facebookera igotzen nituen argazkiak; lagunei erakusteko, bereziki. Baina aurrerago, Flickr kontu bat, blog bat eta Octane shots automotive photography webgunea sortu nituen. Argazki gehienak webgunera igotzen ditut. Internet bidez, automobilismo munduko jende asko ezagutu dut; izan ere, promozio-bide oso ona dela uste dut.

Auto lasterketetan zein modalitate duzu gustukoen?

Rallyak, batez ere. Racing-zalea naiz. Auto erakusketek ez didate atentziorik ematen, neoiak dituzten autoak… ez ditut gogoko. Abiadura handiko lasterketak ditut gustukoen.

Asko bidaiatzen duzu lasterketetara joateko?

Batez ere, Euskal Herriko lasterketetara joaten naiz, baina kanpora ere joaten naiz, ahal badut. Bartzelonan dagoen drifting txapelketa batera joan nahi dut hurrengo, baina ea lagunen bat animatzen den eta joateko aukera dudan.

Non aterako zenituzke argazkiak gustura?

Gatebil drift-en. Eskandinavian egiten den txapelketa bat da. Hemengo autoek baino askoz potentzia handiagoa daukate hangoek. Hara joateko gogo izugarriz nago, baina uste dut askoz aurrerago izan beharko duela.

Gurako zenuke etorkizunean argazkilari izan?

Bai, gurako nuke. Lan eskaintza finkorik ez dut izan, baina webguneko publizitateak asko zabaldu dit bidea. Nafarroako zirkuituan pistetara sartzeko akreditazioa lortuta saldu izan ditut argazkiak, 5 euro argazkiko. Gainera, Monster Energy taldeko bi pilotu ezagutzen ditut eta nire markaren pegatinak daramatzate euren autoetan. Duela gutxi, beraien taldeko ordezkariak deitu zidan argazki batzuen eskean eta beraien webgunean argitaratuko dituztela esan zidan. Hasieran, ez nuen sinetsi, adarra jotzen ari zirela uste nuen.

Bestelako eskaerarik jaso duzu, auto lasterketetako autoen argazkiez gain?

Behin, boda bateko argazki erreportaje bat egin nuen. Disko bat egitea eskatu zidaten; hain zuzen, argazki bildumak eta musikaz osatutako bideo bat egin nizkien. Ezkondu zirenak oso pozik geratu ziren emaitzarekin.

Adingabea izanda ezin duzu gidatu, oraingoz; gidabaimena ateratzeko gogo biziz egongo zara...

Bueno, dagoeneko ibili naiz auto baten baino gehiagotan. Errepidean ez, baina zirkuituetan probatu dut eta ahal bezain laster aterako dut gidabaimena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak