Dena prest Eskoriatzan garagardo festari hasiera emateko

Mirian Biteri 2013ko urr. 10a, 14:40

Eskoriatza festan murgilduko da gaur arratsaldean. Hain justu, herriko zaharren egoitza laguntzeko bigarrenez antolatutako garagardo festari hasiera emango diote. Goizean plazan jarritako karpan guztia prestatzen topatu ditugu boluntarioak.

Hamabost bat lagun jo eta su ibili dira goiz osoan Eskoriatzako plazan jarritako karpa arratsalderako prestatzen. 18:00etan zabalduko da aurtengo garagardo festaren bueltan jarritako karpa, eta ordurako gertu izan behar dute. Mahaiak eta aulkiak jartzen, taberna prestatzen, labeak ondo dabiltzala ikusten.... horretan eman dute goiza.

Musu truk baino pozik dabiltza lanean. Herriko zaharren egoitza laguntzeko bideratuko da-eta gaur hasi eta domekara bitartean festan lortzen den diru kopurua. Denera, 80 boluntariotik gora ibiliko dira datozen lau egunotan, eta festan parte-hartuko duten talde guztiak ere debalde datoz.

Hainbat lagun sukaldari lanetan, iazko garagardo festan.

Patata-tortillak

Herritarrek ere parte hartu ahal izango dute horretan: joan den urtean bezala, gura duenak patata-tortillak eraman ahal izango ditu karpara horiekin pintxoak egin eta saltzeko. 

Esan bezala, 18:00etan zabalduko dute karpa eta gauerdira arte zazpi garagardo mota dastatzeaz gain, pintxo, ukondo eta saltxita ederrak ere jateko aukera izango da, trikitilarien musika lagun. Litro erdiko garagardo pitxarrak, esaterako, lau eurotan salduko dira, eta ukondo osoa patata frijituetan, hamar eurotan.

Hori gaurkoari dagokionez, baina biharko eguna ekintzaz josita dator. 18:00etan, Alaitz mexikar taldeak joko du. 20:00etan, Malenkonia izango da agertoki gainera igotzen dena. 22:30ean, Burrunba kelele batukada taldekoen txanda iritsiko da, eta 23:30etik Aurrera, Eko D Bull eta Bagauda musika taldeena.

Garagardoa etxean egiteko erakusketaldia

Asteburuan ere denetarik egongo da. Zapatuan, esaterako, garagardoa etxean egiten ikasteko erakustaldia izango da 15:30ean. Gerri gardo taldeak antolatu du hori, Eingeinkeren laguntzarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak