Datozen egunotan hasiko dira Eskoriatzako erdialdeko obrak

Mirian Biteri 2013ko ira. 30a, 14:02

Eskoriatzako Udalak aurrera dihardu herriko erdialdea berritzeko proiektuarekin, eta egunotan jakinarazi du urriaren hasieran hasiko direla Gaztañadui eta Arana kaleen arteko obrekin. Horren berri emateko batzar irekiak egingo dituzte etzi, eguaztena.

Gaimaz enpresak egingo ditu Gaztañadui eta Arana kaleen arteko lanok, 338.444 euroren truke. Aurreikusi dute bi hilabeteko iraupena izango dutela. Denbora tarte horretan honakoa egingo dute: Bolibarko bidegurutzetik Apotzagara doan bidegurutzeraino errepidea konpontzearekin eta asfaltatzearekin batera,  Santa Ana eta Olazar arteko bidegurutzean herri barruko lehen biribilgunea egingo dute. Horrez gain, Aretxabaletarako noranzkoan Azkoaga Enea hotel ondoan dagoen autobus geltokia Gorosarri plaza parera eroango dute; eta ur hodia berrituko dute. Gaztañadui kaleko espaloi zatia ere aldatu egingo dute.

Saihesbidea erabili

Udaletik jakinarazi dute obrek eragina izango duela trafikoan, eta eragozpenak sortuko dituztela. Hortaz, lanek irauten duten bitartean, herritarrei ahal duten guztietan saihesbidea erabiltzea eskatu die.

Arratsaldez eta asteburuan

Bestalde, herriko erdialdea oinezkoendako egokitzeko asmoa ere badu Udalak; hain justu, Gernika plaza paretik Bolibarko bidegurutzerainoko zatia. Errepide zati hori, dena dela, ez da guztiz itxiko: asteburuetan eta astegunetan arratsaldez ibilgailuendako mugatzea gura du.

Zati hori oinezkoendako egokitzeak ondorioak ekarriko ditu.   Esaterako, erdialdetik gaur egun pasatzen den trafikoa behar bezala bideratzeko bestelako lanak egin beharko dira Arbiñosten, Hidalgan eta Olazarren; hain justu, zirkulazioa egokia izan  dadin eta arazoak sortu ez daitezen, horiek egokitu beharko dira. Abendurako gura dute erdialdea oinezkoendako zabaltzea, obra guztiak amaitzen dituztenean.

Guzti horren berri emateko eta herritarren iritzia jasotze aldera, bilera informatiboa egingo dute etzi, eguaztena, kultura etxeko lehen solairuan. Udalak hitzordu bikoitza deitu du: 15:00etan eta 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak