Giro ederrean eta ziztu bizian, Apotzagatik Eskoriatzara

Miren Arregi Amasorrain 2013ko ira. 23a, 11:17

50 parte-hartzailetik gora aritu ziren zapatuan goitibehera lasterketan eta, espero moduan, ziztu bizian jaitsi ziren Apotzagatik Eskoriatzara. 1.400 metroko ibilbidea egiteko motelenak ere ez zituen bi minutu baino askoz gehiago behar izan. "Antolatzen genuen lehen aldia zen eta oso pozik gelditu gara. Gainera, ez da istripurik izan eta hori oso garrantzitsua da", zioen Jose Angel Urrutiak lasterketaren bukaeran. 

Adin guztietako jendeak parte hartu zuen jaitsieran; guztira, 50 inguru. Gehienak bakarka, baina beste batzuk binaka eta hirunaka ere bai. Guztiek ere fin egin zituzten Apotzagatik beherako metroak. Ibilbide osoan zehar egon ziren ikusleak; gehienak, baina, Eskoriatzan bertan, helmugan, pilatu ziren. 

Sei modalitatetan korritu zuten parte-hartzaileek: neumatika, arina, tricket, errodamendua banaka eta taldetan eta kuatropalos bezala ezagutzen den modalitatean. Umorea ere ez zen falta izan. Goitibehera batzuk benetan ziren harrigarriak: esaterako, bainuontzi bat goitibehera bilakatu eta bertan jaitsi ziren hiru parte-hartzaile. 

Hiru manga egin zituzten guztira. Lehenengoak ibilbidea ezagutzeko eta bigarrena prestatzeko balio izan zien; beste biak ziren puntuagarriak.

Sari ugari

Neumatikaren modalitatean bi bizkaitarren artean egon zen lehia. Asier Lezea gelditu zen lehenengo postuan: minutu bat, 28 segundo eta 18 milaren behar izan zituen Apotzagatik behera jaisteko. Bigarren, Haritza Castresana eta Unai Paniagua gelditu ziren, minutu bat, 28 segundo eta 45 milaren eginez. Eta hirugarren, Jokin Gutierrez eta Jon Zenitagoia, minutu bat, 31 segundu eta 04 milareneko denborarekin. Ibilgailu arinen modalitatean, Andoni Tostonek irabazi zuen. Bigarren postuan gelditu zen Iker Aristi, eta hirugarrenean, Maddi Gutierrez. Tricket modalitatean Lander Mediavillak eskuratu zuen lehen postua; bigarrena, Iker Mediavillak eta hirugarrena Jon Madinak. Emakumeetan, aldiz, Maddi Gutierrez bergararrak irabazi zuen. Sari bereziak ere eman zituzten: denbora onena egin zuen eskoriatzarra Gorka Urrutia izan zen. Bestetik, Aranda de Duerotik etorri zen parte-hartzaile bati ere eman zioten saria. "Urrutikoenarendako saria", zioen Urrutiak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak