Ziztu bizian jaitsiko dira bihar goitibeherak Apotzagatik

Mirian Biteri 2013ko ira. 20a, 15:08

Bihar arratsaldean itxita egongo da Eskoriatzako Intxaurtxueta auzotik Apotzagara doan bidea. Euskal Herriko ligarako puntuagarria izango den goitibehera lasterketa da arrazoia. Mugikortasun Astearen barruan dagoen proba 15:30ean hasiko da.

Bost modalitatetan korrituko dute parte-hartzaileek: neumatika, arina, errodamendua banaka eta taldekoa, eta kuatropalos bezala ezagutzen dena. Denera, hiru txanda izango dituzte gidariek markarik onena egiteko: lehenengoan ibilaldia aztertuko dute, eta gainerako biak izango dira kronometratuko direnak. Antolatzaileen ustetan lasterketak bi ordu inguru iraungo du. Proba amaitzean, sari banaketa egingo da. Modalitate guztietako lehenengo hirurek garaikurra jasoko dute, eta lehenak, gainera, txapela.

Goitibehera dibertigarriena

Hainbat sari berezi ere banatuko dira zapatuan; horietako bat denbora onena egiten duen eskoriatzarrak irabaziko du, eta goitibehera dibertigarriena ere saritua izango da. Jose Angel Urrutia eskoriatzarra antolatzaile lanetan dabil. Horrelako lasterketa Eskoriatzan egiteko ideia nondik irten den azaldu digu. Jakinarazi digu gaur egun lau eskoriatzar daudela Euskal Herriko Inertzia Kiroletan federatuta: hain justu, Iker eta Lander Mediavilla, Mikel Oiartzabal eta Gorka Urrutia. Guztiek hartuko dute parte Apotzagako jaitsieran.

Lasterketa antolatzeko proposamena federazioak egin zuela gaineratu du, Apotzagako bidea aproposa zela esanez. Horren harira, honakoa esan du Urrutiak: "Hasiera batean, Sanpedrotan egiteko asmoa geneukan, baina ezinezkoa izan zen".

Udalarekin harremanetan jarri ziren geroago, eta Mugikortasun Astean egitea adostu zuten. Urrutia penatuta agertu da, Aramaioko rallysprinta egun eta ordu berean delako eta zale asko lasterketa batera edo bestera joatea erabaki beharko dutelako; nabarmendu gura izan du geroago jakin zutela bi probak egun berean zirela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak