Atzerriko 14 lagun hizkuntza biziberritzeko estrategiak ikasten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko irailaren 19a

Bigarren urtez antolatu dute Huhezik eta Garabide Elkarteak Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua. Abendua bitartean 14 pertsona arituko dira euren esperientziak elkartrukatzen Eskoriatzako fakultatean. Ongietorria egin zieten atzo Eskoriatzako Ibarraundi museoan.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Eskoriatzako Ibarraundi Museoan Garabidek eta Huhezik elkarlanean eskaintzen duten Jatorrizko Hizkuntza Biziberritzeko Estrategiak aditu titulua. 

Kooperazio lingusitiko-identitarioan euskalgintzaren baitako eremuetan pilatutako esperientziak oinarri hartuta, identite minorizatuen biziberritze, berreskurapen eta indartze prozesuetan kokatzen da titulua. Eta aurtengoarekin bigarren aldia izango da titulua ematen dutela.

Garabide Elkarteko Jon Sarasuak, Huheziko Julen Arexolaleibak eta Andoni Barreña Filologoak ongietorria egin zieten titulua ateratzera bertaratutako 14 laguni. Kitxuak, Nasak, Maiak, Nahualtak, Katxikelak, Movidak, Kurduak eta Amazigh ordezkariak daude horien artean.

Hiru hilabeteetan zehar esperientziak elkartrukatu eta askotariko gaiak jorratuko dituzte unibertsitatean. Besteen artean, soziolinguistikaren eta hizkuntza ekologiaren oinarriez arituko dira, "hizkuntza aniztasuna eta horren galera azaltzen duelako".

Tituluaren bigarren atalean, ostera, hizkuntza biziberritzeko prozesuetan zernolako estrategiak izan behar diren aztertuko dute. Eta hirugarrenean hizkuntza biziberritzeko eduki daitezkeen lanabesak aztertuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak