Gaztelu Jaia ospatuko dute Atxorrotzen zapatuan

Imanol Beloki Unamuno 2013ko ira. 12a, 14:09

Aitzorrotz kultura elkarteak antolatu duen Errekan Gora egitarauaren barruan, Gaztelu Jaia egingo dute zapatuan Atxorrotzen. Jai hori ospatzeko arrazoia bertan egindako indusketetan aurkitutako aztarnak dira. Atxorrotzen Erdi Aroan gaztelu bat egon zen, eta, hain zuzen, aurkikuntza hori ospatzeko aitzakia bat dela diote antolatzaileek.

Egitarau ederra prestatu dute bigarren edizio honetarako. Batez ere, kontzertuak izango dira ekitaldi nagusiak, baina beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte egunerako: pailazoak, bertsolariak eta trikitilariak, besteak beste; eta, nola ez, indusketetara bisita gidatua.

60 pertsona inguru ibiliko dira aste bukaera osoan lanean: 4x4 autoetan materiala igotzen, sukaldean ogitartekoak prestatzen, barran edariak zerbitzatzen eta egunerako atera dituzten kamisetak saltzen (10 euro). Jaia amaitzean denean ere, garbiketa lanetan ibiliko dira asko, dena zegoen moduan uzteko.

Jaiaren ostean, garbiketa

Orain dela hiru urte ospatu zen lehen aldiz Gaztelu Jaia eta orduko oroitzapen ona daukate antolatzaileek, giro ederraren ostean dena garbi geratu zen-eta. Aurten ere, egubakoitzean material guztia Atxorrotzera igo, zapatuan jaia ospatu eta domekan dena garbi-garbi utzi beharko dute.

Indusketetara bisita gidatua

2009tik hona, Iñaki Sagredoren eskutik, Larrate taldea dabil arkeologia eta dokumentatze lanetan Atxorrotzen, Erdi Aroan zegoen gaztelua berreskuratzeko eta dokumentatzeko helburuarekin.

Hainbat bisita gidatu egin dituzte bertan eta aste bukaera honetako ekitaldia ere aprobetxatuko dute bertara hurbiltzen direnei indusketak erakutsi eta informazioa emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak