Umeendako pilates, gazteendako spinning eta tenisa eta fit-bizkarra, Eskoriatzan eskainiko diren jarduera berriak

Mirian Biteri 2013ko ira. 9a, 11:59

Eskoriatzako Udalak gertu du ikasturte berrirako kirol eskaintza, eta dagoeneko zabaldu du jarduera horietarako izen-ematea. Aurkeztu beharreko eskaera orriak herritarren eskura daude kiroldegian eta baita Udaleko webgunean ere. Kirol zerbitzutik jakinarazi dute ikastaroak irailaren 30ean hasiko direla, eta plaza kopurua mugatuak direnez, aholkatu dute izen-ematea ahalik eta azkarren egitea; bestela, toki barik gera daitezke.

Eskaintzari dagokionez, hainbat berritasun daude Ume eta gazteei zuzendutako jardueren kopurua handitu egin dute: 8 eta 13 urte bitartekoendako pilates saioak izango dira, eta baita gazteendako spinning eskola bereziak eta 12 eta 16 urte bitartekoendako tenisa ere. Horrez gain, aurten, lehen aldiz, fit-bizkarra eskainiko da; hain justu, bizkarra, abdominalak eta zoru pelbikoa landuko dituzte saio horietan. Azken horren harira, Rosa Lasagabaster kirol teknikariak azpimarratu du osasunarekin lotutako ikastaroak gertatzeko esfortzu berezia egin dutela.

Zapatu goizetan ere

Ordutegiari dagokionez ere berrikuntzak daude aurten, zapatu goizetan ere kirola praktikatzeko aukera izango dute-eta eskoriatzarrek. Hain justu ere, fit-bizkarra eta spinning saioak eskainiko dituzte. Orain arte astegunetan baino ez dira eskaini kirol jarduerak.

Aipatutakoez gain, honako ikastaroak ere izango dira: multifitness, helduendako pilates eta spinning, mantentze gimnasia, adimen urrituendako gimnasia, tonifikazioa, aero-dance eta gazte-fit.

Uretan bi urtetik

Ur jarduerak ere ez dira faltako: 2-3 urte bitarteko igeriketatik hasi eta marrazoak arteko ikastaroak eskainiko dituzte aurten. Gainera, 1998-2003 urte bitartekoendako hobekuntza eskolak, mantentze igeriketa, aquagym, aquagym nagusiak eta igeriketa helduak ere praktikatu ahal izango da. Kirola egiteko aukera ezin hobea dute eskoriatzarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak