Beñat Hercek honakoa azaldu du: "Apiriletik Eskoriatzan zurrumurrua dabil dimititu behar dudan edo. Hasieran ez nion garrantzirik eman, garai hartan, Itziar Martinez zinegotzi ohiak kargua utzi zuen eta norbait nahastuko ote zela pentsatu nuen". Maiatzeko ohiko osoko bilkuran ere, galderen eta eskaeren txandan, horren gainean galdetu zioten oposizioko udal ordezkariek. Hilabeteak pasa dira ordutik, baina zurrumurruak herrian dihardu.
"Burutik pasa ere ez zait egin"
Hori dela-eta, alkateak bere asmoa zein den argi eta garbi azaldu gura izan du, honakoa jakinaraziz: "Inoiz ez dut asmorik eduki dimititzeko, burutik pasa ere ez zait egin; are gutxiago momentu honetan, agintaldiko hainbat proiektuk laster argia ikusiko dutenean. Hortaz, baten batek oraindik zalantzan jarraitzen badu, jakin dezala gezurra borobila dela kalean dabilena".