Lorezaintza, elbarriendako aparkalekuak eta erregistroen ordutegia berbagai, Eskoriatzako atzoko osoko bilkuran

Mirian Biteri 2013ko uzt. 24a, 14:39

Luzea izan zen atzo arratsaldean Eskoriatzan egindako ohiko osoko bilkura. Askotariko gaiak jorratu ziren horretan, hala nola, Aingeru Guardan osasun parke berria jartzeko partida sortzea, herriko berdeguneak zaintzeko zerbitzuaren kontratua luzatzea, udaletxeko sarrera-irteera erregistroen ordutegia aldatzea eta oinezko eta ibilgailuen ordenantza moldatzea. Joan den urteko kontu orokorrak ere behin betiko onartu zituzten.


Besteak beste, lorezaintza zerbitzuaren kontratua luzatzea onartu zuten. Landu enpresari eman diote ostera ere. Horrekin batera, 2.600 euroren truke, auzokonposta guneetan sikua banatzeko zerbitzua ere enpresa horri esleitzea adostu zuten.

Horrez gain, oinezko eta ibilgailuen ordenantzaren 15. Artikulua aldatzea onartu zuten. Beñat Herce alkateak azaldu zuen elbarriendako aparkalekuen erabileran kezkak azaldu direla eskoriatzarren artean, eta hori dela-eta, ordenantzan aparkaleku horien erabilpenean honako debekua txertatzearen alde agertu ziren zinegotzi gehienak: elbarrien laguntzaileak aparkaleku horiek bi ordutik gora ez erabiltzeko debekua. 

Erregistroa goizez

Bestalde, urriaren 1etik, udaletxeko sarrera eta irteera erregistroen ordutegia aldatzearen alde bozkatu zuten. Astelehenetik egubakoitzera bitartean, 09:00etatik 14:30era egongo da hori herritarren eskura; eta eguen arratsaldetan ez da zerbitzurik emango. Horren bueltan, alkateak azaldu zuen oso gutxi erabiltzen dela erregistroa arratsalde horretan, eta goizeko ordutegia zabalduz herritarrei zerbitzu hobeagoa emango zaiela.

Bestetik, bi mozio ere eztabaidatu zituzten. Kidetza elkarteak, zaintza partekatuaren alde aurkeztutakoa ez zuten onartu. Bai, ordea, Ezker Anitzak aurkeztuta, Espainiako gobernuaren dimisioa eta hauteskundeak eskatzen zituen mozioa.

Hirugarren osasun parkea

Alkateak, gainera, jakinarazi zuen Aingeru Guardan osasun parkea jartzeko asmoa dutela. Aurreko agintaldian erreituratuei zuzendutako bi osasun parke jarri zituzten bidegorri ondoan, bat Dorletan eta bestea Olazarren. Atzoko osoko bilkuran 13.500 euroko partida sortuko zela iragarri zuen, etorkizunera begira, hirugarren parke bat jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak