Aita, 'Hellbilly' izan nahi dut!

Jagoba Domingo 2013ko uzt. 13a, 16:43

Oso zaila izango da Errekan Gora jaialdian atzo bizitakoa hobetzea. Baliteke programazioko talde ezezagunenak izatea, baina bertara gerturatu zirenak, jarrera eta nortasun ikastaro bat ikusi zuten. Arrasatear irish koadrila baldarra eta Hank Williams edo Bob Wayne cowboy-en sasikumeak dantzan jarri zituzten udaletxeko aterpean bildu ziren guztiak.

Protagonistak, The Potes; taberna zuloetan ondo ezagunak diren arrasatearrak, eta Dead Bronco, Bilbo inguruan bizi diren bidelapurrak izan ziren. Astero ikusten ez den emanaldi bizi eta tarteka arriskutsua eskaini zuten bi taldeek. Eta amaiera ezin-hobe bezala, Old Crow Medicine Show taldearen Wagon Wheel kantua biek batera jo zuten.

The Potes

The Potes proiektuak orain arteko kontzertu borobilena izan zen atzokoa. Elkar ulertzea sekulakoa izan zen, eta horri esker publikoari festarako gogoa bikain transmititu zioten. Bat baino gehiago harritu zuen seikoteak, eta momentu bikain batzuk utzi zituzten.
The Pogues, Social Distortion, The Dubliners edo Flogging Molly taldeen klasikoak berpiztu zituzten, Dirty old town, Reach for the sky edo Fiesta adibidez. Eta giroa edo beste arrazoiren bat medio, jendearen gozatzeko gogoak kantuekin berehala egin zuten bat, bai publikoa baita taldekideak asetuaz.

Dead Bronco

Esan bezala, Dead Bronco aurtengo programazioan dagoen talderik ezezagunena izango da askorentzat. Baina egubakoitzean zerbait argi utzi bazuten, eurena nortasuna dela, ez jarrera, musika mota hori jotzen jaio direla dirudi.

Hillbilly, country eta redneck musika; amerikar baldarren musika omen da. Bada Dead Bronco boskoteak, maisutasunez eta bihotzez interpretatu zuten.

Formazioa ez da edonolakoa; kajoia, steel gitarra, kontrabaxua, banjoa eta gitarra akustikoa. Baina Paco Sanchez abeslariak lehenengo hitzarekin bat, 50ko Amerika sakonera bidaia hasten da; Hank Williams, Johnny Cash edo Duane Eddy errege ziren Amerikara, indartsuenak agintzen zuen lurralde basati horretara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak