Travellin Brothers taldearen 10. urteurreneko diska aurkezpenarekin abiatu da Errekan Gora

Imanol Gallego 2013ko uzt. 8a, 14:34

Taldearen 10. urteurreneko diskoa aurkezteko biraren azken kontzertua izan zen Travellin Brothers-ek egubakoitzean, Frantziara joan aurretik, eskainitakoa. Taldearen blues eta swing doinuek ikusleak hunkitzeaz gain, konplizitatea sortu zuten.

Uda garaian ikastetxeak hustu egiten diren arren, egubakoitzean Jose Arana jendez lepo bete zen.Bigarren urtez, ikastolako patioa Errekan gora ekimenak bete zuen, eta nola, gainera! Travellin Brothers taldeak bere 10. urteurreneko diskoa aurkeztu zuen. Bilbotarrek guztia alde izan zuten: entzuleak, gaua, giroa... Argiztapena ere oso zaindua izan zen eta, nola ez, taldeak ez zuen huts egin. Blues eta swing doinuekin jendea poltsikoan sartzea lortu zuten, eta musikari eta entzuleek gogotik disfrutatu zuten.

Kontzertu berezia 

Estatuko biraren azken kontzertua izan zen Eskoriatzakoa eta, ibilbide luze eta emankor batek ematen duen abileziaz, Bilboko sei anaia horiek magia egin zuten oholtza gainean. Maisutasunez jendea bereganatzea lortu zuten, eta abesti amaieretako txalo zaparradez gain, abesti askotan, jendearen txaloen laguntza paregabea ere izan zuten. 

Gaua borobiltzeko gainera, jendea erabat hunkitu zuen Louis Armstrong musikariaren What a wonderful world abestia aukeratu zuten. Abestiaren lehen akordeek jendea eserlekutik altxatzea lortu zuten.

Hasiera besterik ez 

Errekan gora ekimena hasi besterik ez da egin eta jendea irrikaz dago hurrengo zita noiz izango den jakiteko. Musika jaialdi gazte honek urte gutxitan jendea bereganatzea lortu du eta egubakoitzeko kontzertua horren adierazle garbia izan zen. "Espero genuen baino jende gehiago etorri zen", esan digu Iñaki Kortazar antolatzaileak.

Gainontzeko kontzertuetan ere jende kopurua mantendu edo handitzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek. Argi dago Errekan Gora ez ezik, bere bazterrak alaitzeko sortutako musika jaialdi honek aurtengo lehen akordeak besterik ez dituela jo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak