Eskoriatzan zabalik dago diru laguntzak eskatzeko epea

Guren Zumalde 2013ko uzt. 8a, 13:50

Kultura, Euskara eta Gazteriarekin lotutako laguntzetarako eskaerak egin daitezke Eskoriatzan.

Eskoriatzako Udalean dagoeneko aurkeztu daitezke kultura, euskara eta gazteria ekintzetarako diru laguntzen eskaerak. Euskararen sustapenerako laguntzak bitan daude banatuta: alde batetik, merkataritza arloan hizkuntza horren erabilera bultzatzeko laguntzak daude, irudi korporatibo eta errotulazioen bidez; eta bestetik, euskara ikastekoak daude. 

Azken horien harira, 2012-2013 ikasturtean Leintz Udal euskaltegitik kanpo egindako euskara ikastaroetarako eskariak egubakoitza, hilak 12, baino lehen aurkeztu behar dira; hain justu, bestelako euskaltegietan egindako ohiko ikastaroetarako matrikulei daude bideratuta horiek.  Kasu horretan, matrikularen %30eko laguntza emango da, 100 euroko mugapean.

Azaroak 15era arteko epea

Bestalde, azaroaren 15a baino lehen euskararen sustapenarekin lotutako honako eskariak aurkeztu beharko dira: barnetegi, ikastaro trinko eta antzekoetarako batetik; eta merkataritza arloari dagokionez, euskara hutsezko errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzekoak, bestetik. Udalak, denera, 800 euro bideratu ditu guzti horietara.

Kultura arlokoetara, aldiz, 1.000 euro gorde ditu. Eskoriatzako irabazi asmorik gabeko kultura elkarteek eta taldeek aurten garatuko dituzten kultur jarduerak eta ekintzak diruz laguntzea da horien helburua. Hilaren 22era arte aurkeztu ahal izango dira eskariak.

600 euro gazteendako

Azkenik, gazteak herri bizitzan parte hartzera bultzatzea eta gazteei diru galera ekar diezaiekeen edozein ekimen sozial, kultura edo hezigarri antolatu ahal izateko 600 euro jarri ditu Udalak. Laguntza horien gaineko eskaerak urriaren 4ra arte aurkeztu ahal izango dira. Bata zein besteen eskariak Eskoriatzako udaletxeko erregistro nagusian aurkeztu behar dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak