Arana eta Gaztañadui kaleen arteko mugikortasuna hobetzeko proiektua onartu du Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2013ko uzt. 5a, 15:55

2012ko urte amaieran egin zen EskoHitza prozesu parte hartzailearen barruan, Eskoriatzako herritarrek hainbat inbertsio proiektu bozkatu zituzten. Bada, herritarren eskaera horri erantzuna eman guran Udalak herritarrek bozkatutako inbertsio horien inguruko proiektua garatu eta onartu du. Ekainaren 20ko Hirigintza Batzordean onartu zuten proiektua. Lanen berri martitzenean emango dute, 19:00etan, kultura etxean.

Hasiera batean hiru proiektu ezberdin moduan irudikatu bazituzten ere, proiektu bakarra izateak eta enpresa bakarrak exekutatzeak abantailak dituela kontuan hartuta, hiru proiektuak modu integralen jasotzen dituen proiektua garatzea eskatu zitzaion LKS enpresari. Arana-Gaztañadui kaleen saneamendua eta asfaltatzea, ur hoditeria berritzea eta autobus geltokia lekuz mugitzea eta bidegurutzean biribilgune bat egitea jasotzen du proiektuak.

Horren guztiaren berri martitzeneko bileran emango dute, 19:00etan Kultura etxean. Herritar guztiei zuzendutako komunikazio bilera izango da.

Mugikortasunean aldaketak eragingo ditu

"Herriko mugikortasunean aldaketa nabarmena suposatzen du proiektu honek eta horregatik komenigarri ikusi dugu herritarrei informazio zabala eskaintzea", azaldu du Beñat Herce alkateak. Gainera, herritarrek dituzten kezkei erantzuna emateko modua ere izango da batzar informatiboa.

Arana-Gaztañadui kaleen saneamendua eta asfaltatzea, ur hoditeria berritzea, autobus geltokia lekuz mugitzea eta bidegurutzean biribilgune bat egiteko proiektuaren lanak dagoeneko lehiaketara atera ditu Udalak. Asmoa da lanok iraila eta azaroan zehar egitea.

Lan handiena, eta garrantzitsuena, biribilgunea egitea izango da. Santa Ana, Olazar eta errepide nagusiaren bidegurutzean egingo dute biribilgunea. Garrantzitsua izango da, era berean, Intxaurtxueta eta Arana arteko errepidea asfaltatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak