Narciso Pavo: "Krisiak mesede handia egin digu: egun, asko baloratzen da harrobiko entrenatzaileon lana"

Mireia Bikuña 2013ko uztailaren 3a

Narciso Pavo (Eskoriatza, 1965) nagusien mailako Eskoriatzako areto futbol taldeko entrenatzailea eta areto futbol eskolako koordinatzailea da. Azken 30 urteetan kirol horren alde egindako lana aitortzeko sari berezia jaso du aste bukaeran Bartzelonan.

Zorionak! Entrenatzaile onenaren saria jaso duzu. Hitz potoloak dira.

Bai, eta oso harro nago. Espainiako areto futboleko (ANEFS) entrenatzaile onena izendatu naute. Aste bukaeran Bartzelonan egindako topaketan jaso dut urrezko intsignia, eta oso pozik nago. 

Zure lankideek ze baloratzen dute intsignia horrekin?

Nire kasuan, areto futbolaren alde egindako lana eta dedikazioa, jokalarien artean zabaldutako balioak eta koordinatzaile moduan egindako lana. Beste modu batera esanda, areto futbolaren alde egindako guztia aitortu didate: 30 urte Eskoriatzako taldeekin eta bederatzi urte Espainiako areto futboleko entrenatzaileen elkarteko ordezkari lanetan.

Eta hori guztiori, Espainia mailako entrenatzaile onenen aurrean.

Bai, hala da. Harrobiko taldeekin lan egiten dugun entrenatzaileak eta profesionalak elkartzen gara. Maila askotariko entrenatzaileak, alegia. 

Formazioa jasotzeko topaketa urtero egiten dugu autonomia-erkidego ezberdin batean. 2008an Eskoriatzan egin genuen. Topaketa horietan, mintegiak eta hitzaldiak egiteaz bat, urtero, entrenatzaile batek egindako lana goraipatzen da.

Saria jasotzeaz gain, zer gehiago ikasten duzue halako topaketetan?

Ederrena parte-hartzaileen artean sortzen den bizikidetza da. Oso aberasgarria da. Herri txiki bateko taldeko entrenatzailea naiz, baina Bartzelona, Inter Movistar eta Pozo Murcia taldeetako entrenatzaileen esperientziak ezagutzeko aukera izan dut; edo San Cugateko errendimendu handiko zentroko kirol-psikologo Pep Mariren hitzaldia entzuteko aukera. Ikasteko eta hazteko balio dute halako topaketek. 

Bitxia da areto futbolaz bizi diren profesionalek ikasten eta formazioa jasotzen jarraitzeko duten beharra ikustea.

Bai, bitxia da, baina euren ilusioa ikusi besterik ez dago. Jesus Candelas bi aldiz izendatu dute munduko entrenatzaile onena, eta, dagoen lekuan dagoela, ez du hutsik egiten. Irandik joan zen Bartzelonara.

Halako topaketetan ikasitakoa Eskoriatzara eroatea erraza al da?

Eskoriatzak, herri txikia den neurrian, muga asko ditu. Baliabide ekonomiko handiak dituzten entrenatzaileekin partekatzen ditugun ideiak baliabide txikiagoak ditugun klubetan jartzea ez da erraza.

Baina asko ikasten dugu, eta horren emaitzak Eskoriatza kirol elkarteko areto futbol taldeetan ikus daitezke.

Esan daiteke, orduan, areto futbola osasuntsu dagoela Eskoriatzan?

Bai. Elkarte bakarra gara, Euskadin, maila guztietan taldeak dituguna: benjaminetatik... Euskal Ligara.

Aipagarria da, bestalde, areto futbol eskolak izan duen erantzuna: benjamin eta alebin mailetan 50 bat ume izan ditugu bukatu berri den denboraldian.

Arizmendikoekin hitzartutako proiektuak erantzun ikusgarria izan du. Eskoriatzan eta inguruko beste herri batzuetan beste kirol eskaintza batzuk egon arren, mutiko askok aukeratu dute areto futbola.

Gure ustez, lana ondo egiten dugun seinale da.

Eskoriatzan futbol taldea ez egoteak mesede egiten dizue?

Akaso, bai. Ume batzuek futbol eskola eta areto futbol eskola partekatzen dute, eta, federatzeko unea heltzen zaienean, bat aukeratzen dute. Baina beste batzuk zuzenean datoz areto futbol eskolara. Eta gu oso pozik gaude erantzunarekin. 

Areto futbol eskolan diharduten umeek ez dute txapelketetan parte hartzen.

Astean behin entrenatzen gara eta hilean behin jokatzen ditugu partiduak. Eskola kirolean ere lantzen dute areto futbola, baina infantil mailara arte ezin ditugu federatu.

Askok diote areto futbola futbolaren anaia txikia dela.

Anaia txikia izan daiteke hankekin, futbol zelai txikiago baten  eta jokalari gutxiagorekin jokatzen delako, baina oso bestelako kirolak dira.

Areto futbola kirol bizia da, azkarra, teknika handia eskatzen duena... Areto futbola ezagutzen ez duenari, Eskoriatzara etortzeko gonbita egiten diot. Kirol hau ezagutzen duena maiteminduta geratzen da. Futbolak ez dituen ezaugarri asko ditu.

Hedabideen beharra dauka areto futbolak?

Zalantza barik, bai. Hedabideek egiten dugun lanaren berri eman behar duzue. Guk zuen beharra daukagu, batez ere, zaleengana heltzeko. Hedabideetan agertzen ez bagara, ezer egiten ez dugula dirudi.

Mutikoek Leo Messiri buruz berba egiten dute, ia egunero telebistan eta prentsan ikusten dutelako.

Orain oporretan zaudete. Hasi zarete datorren denboraldia antolatzen?

Aurten lan ona egin dugu. Bost jokalarik taldea utzi eta iraupen luzeko hainbat baja izan arren, denboraldi txukuna egin dugu. Talde horri eutsiko diogu irailean. Oinarri horrekin sailkapenaren goiko lekuetan egon nahi genuke. Beste pauso bat eman gurako genuke. Jokalariak baditugu, eta lanerako gogoa ere bai.

Bestalde, harrobiko taldeekin lanean jarraituko dugu. Infantil mailako bi talde sortuko ditugu irailean.

Behin eta berriz aipatzen duzu harrobia. Ezinbestekoa da?

Bai. Nik beti borrokatu izan dut harrobiaren alde. Edozein klubetako talde nagusiak harrobiaren beharra dauka, eta Eskoriatza kirol elkartekoak ere bai.

Manuel Muñoz zenarekin batera asko borrokatu nuen bigarren eta gazte mailetan talde bana osatzeko.

Bestalde, krisiak mesede handia egin digu: harrobiko entrenatzaileak eta jokalariak asko baloratzen dira egun. Hemen, Debagoienean, Euskadin eta Espainian.

Orain dela gutxira arte, Brasildik ekartzen zituzten entrenatzaileak. Eurek ziren onenak. Jakintsuenak. Egun, harrobiarekin lan egiten dugunak gaude bogan.

30 urtez diharduzu areto futbolarekin lanean. Nekatuta zaude?

Ez, oso aberasgarria delako. Dena dela, lantalde ederra daukat alboan. Edozein lan egiteko prest dauden kideak ditut. Lanak ondo banatzen ditugu, eta, horrela, gauzak errazago egiten dira. 

Zein da epe motzera duzuen erronka nagusia?

Harrobia zaintzea, baina, batez ere, zaleengana heltzea. Izan ere, areto futbolarekin gozatu gura duten zaleekin bete gura dugu kiroldegia. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak