Eskoriatzan ere agerian utzi zuten sexu-aniztasunaz harro daudela

Mirian Biteri 2013ko uzt. 1a, 14:09

Gay, Lesbianen, Transexualen eta Intersexualen (LGTBI) Harrotasunaren Eguna zela-eta, aniztasunaren ikur den ostardar bandera eskegi zuten egubakoitzean Eskoriatzako udaletxeko balkoian. Aipatutako kolektiboaren eskudeekin eta berdintasunaren aldeko apustuarekin duen konpromiso sendoa erakutsi gura izan zuen Udalak horrela.

Ekimen hori joan den martitzeneko osoko bilkuran Ezker Anitzak horren gainean aurkeztutako mozioaren ondotik dator; udal ordezkari guztiek horren alde bozkatu zuten, Elizateetakoa izan ezin, betiko moduan, abstenitu egin zela. Bandera balkoian jartzearekin batera, beste hainbat proposamen ere onartu zituzten: Harrotasunaren Egunarekin bat egiten du, eta LGTBI elkarteen ospakizun eta errebindikazioekin, eta sexu joera edo identitateagatik LGTBI pertsonek mundu osoan "etengabe jasaten duten duten bazterkeriaren aurka dagoela" adierazten du.

Horrez gain, Madrilgo Gobernuari eskatzen dio sexu egoera edo identitatearengatik beraien herrietan jazarrita egoteagatik  "bizitza arrisku larrian zutela egiaztatu ondoren" asiloa eskatuta zuten pertsonei asilo hori ukatzeko erabakia zuzendu ditzala eskatzen dio, eta baita pertsona transexualen gizarteratzea eta laneratzea ere. Azken horren harira, laneratzeko plana egiteko konpromisoa hartzen du.

Osasunari dagokionez, Eskoriatzan bizi diren immigranteei osasun publikoan ostera estaldura unibertsala emateko eskatzen dio Madrilgo Gobernuari; eta irakaskuntzaren arloan, Jaurlaritzari gizartean aurkitzen diren maitasun eta sexu aniztasun ikuspegia irakaskuntzan sartzeko eta gazteen artean aurreiritzi eta jarrera homofobikoak desagerrarazteko eta horiei aurrea hartzeko ekintzak indartzeko eskatzen dio.

Abortuari buruzko egungo legea ez aldatu

Bestalde, Ezker Anitzak haurdunaldia borondatez etetea erabakitzeko emakumeen duten eskubideen gaineko mozioa ere onartu zuten osoko bilkura berean. Horretan emakumeen oinarrizko eskubideak ez erasotzeko eta egun horren gainean dagoen lege organikoa ez aldatzeko eskatzen zaio Espainiako Gobernuari.

Honakoa ere exijitzen da mozio berean: borondatezko abortua zigor gabetzea, emakumeei gaitasun osoa bermatzea beraien amatasunari eta bizitzari buruzko erabakiak hartzeko, egoera irregularrean dauden etorkinei haurdunaldia borondatez eteteko osasun prestazioak emango zaizkiela bermatzea eta horren gaineko protokolo komuna martxan jartzea.

Hipoteka indizeari buruzko mozioa

Hirugarren mozio bat ere onartu zen martitzenean. Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformak HMEI (IRPH, espainolez) hipoteka-indizearen gainekoa. Bertan, Eskoriatzako Udalari eskatzen dio Kutxabank presionatu dezan HMEI indizea Euribor + 1 indizearekin ordezka dezan. Plataformak salatzen du HMEI indizea dagoeneko ez dela ofiziala eta Kutxabank-ekin sinatutako hipoteka-mailegu kontratuetan esaten zela HMEI desagertzen zenean Euribor + 1 indizea erabiliko zela horren ordez. HMEI indizea ez da ofiziala 2012ko apirilaren 28a ezkero; baina, Espainiako Gobernuak ez duenez horren ordez erabiliko den indizea argitaratu, HMEI oraindik indarrean dago berau erreferentziatzat duten hipoteka-maileguetan.

Bildu eta Ezker Anitzako ordezkariek alde bozkatu zuten; eta Elizateetakoa eta EAJkoa abstenitu ziren; azken horrek, Kutxabanken kontra egiten diren kritikengatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak