Zapatua ez da etxean geratzeko eguna eta eskoriatzarrek ez dute dudarik izan. Eguraldia lagun zutelarik, logura eta nagiak etxean utzi eta festa kalean ospatzera irten dira. Lehen orduetan gautxori bat edo beste zegoen arren, egunak aurrera egin duen bitartean familiek eta adineko jendeak bete dute herriko plaza.
Sanpedrotan ez da aitzaki gehiegirik falta izaten, baina hala ere, txistularien doinuek hasi dute eguneko giroa berotzen. Jendeak zerbait edan eta jaten zuten bitartean, herriko bandaren txanda iritsi da. Plazako eszenatoki gainetik programa oso anitza eskaini dute eta ikusleek gogotik txalotu dituzte abesti guztiak. Bazkal ordua hurbiltzen zen heinean, jendea etxera joaten hasi da, baina ziur arratsaldean kaleak berriro beteko direla.