Udazkenerako gura dute Eskoriatzako Santa Mariñeko aparkalekua gertu izatea

Mirian Biteri 2013ko eka. 26a, 14:26

Eskoriatzak aparkaleku berria izan du laster Santa Mariñen. Atzo arratsaldean izandako osoko bilkuran, horretarako erabiliko diren lurzatietako ugabazabekin akordio batera iristea onartu zuten. Hain justu, alokairua ordaindu beharrean, Ondasun Higiezinen Zerga ordaindu behar ez izatea adostu zuten. Udazkenerako gura dute gune hori gertu izatea.

Eskoriatzako Udala jabe da erdialdean aparkatzeko arazoak daudela, eta hori konpontzeko, Goitu eta Razkin eraikuntza enpresek Santa Mariñe plaza ondoan erabili barik dituzten lurzatiak aparkaleku bihurtzea pentsatu du.

Berez, aurreikusita dago eremu zabal horretan etxebizitzak eraikitzea; baina epe motzera begira behintzat ez da horrelakorik egingo, eta hortaz, bestelako erabilera ematea adostu dute orain Udalak eta esandako bi enpresek. Kontraprestazio moduan, alokairua kobratu beharrean, enpresek ez diote Ondasun Higiezinen Zerga ordaindu beharko Udalari.

Kontratua urtebetekoa da, eta gehienez, hiru urte luzatu ahal izango da.

Zubiak

Gaur egun belarrez beteta daude lurzati horiek. Jabeak arduratuko dira dena txukuntzeaz. Horrez gain, Santa Ana auzoa eta Arbiñoste kalea lortzen dituen zubia ere indartuko dute. Gogoratzekoa da erdialdea oinezkoendako egokituko dutela udako oporren ostean, eta ondorioz, Gasteizerantz doazen ibilgailuak zubi horretatik pasako direla.

Obrak ez dira hor amaituko. Izan ere, ibilgailuendako zubi ondoan egurrezko beste zubi bat jarriko dute; oinezkoendako izango da azken hori. Dena ondo baldin badoa, iraila edo urrirako herritarren eskura jarri gura dute aparkaleku berria.

Osoko bilkura

Bestalde, atzoko osoko bilkuran beste hainbat gai ere onartu ziren. Esaterako, bake epailearen izendapena onartu zuten. Ibon Biterik beste lau urtez jarraituko du kargu horretan. Kaleak garbitzeko kontratua luzatzearekin batera, kiroldegiko udako ordutegia ere onartu zuten, baita hiru mozio ere: Debagoieneko Stop kaleratzeak plataformak aurkeztutakoa, eta Ezker Anitzak Gay eta Lesbianen egunari eta Haurdunadia borondatez eteteari buruzkoak besteak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak