Bluesa, trikia eta gehiago Errekan Gora jaialdian

Jagoba Domingo 2013ko eka. 19a, 10:00

Kepa Junkera kartel buru duela abiatuko da Eskoriatzako Errekan Gora kultura egitasmoaren seigarren edizioa. Uztailaren 5ean da lehen kontzertua, eta irailaren 14ran, berriz, azkena.

Aurtengo berritasuna da Debagoieneko musikariei ere egin gura izan dietela lekua; hala, gaurko aurkezpenean iragarri dute Arrasateko The Potes taldea, The Pogues talde irlandarraren bertsioak, Oñatiko Ganbara abesbatza eta Eñaut Zubizarreta aretxabaletarra ere izango direla gonbidatuen artean.

Kanpokoendako zein bertakoendako oso egitarau aberatsa eta gozatzeko aukera eskaintzen duena dakar aurtengo Errekan Gora egitasmoak, Eskoriatzako Jose Angel Petralanda Kultura zinegotziak eguerdian jakinarazitakoaren arabera. Eta aurkeztutako egitarauak hala izango dela baieztatu du. 

Blues musikatik, trikiraino

Blues, country, triki, klasiko zein rock doinuen hartuko dituzte Eskoriatzako bazterrak uztaileko asteburuetan, Travelling Brothers bizkaitarren bluesekin hasi eta Bizardunak taldearen rock parranderoarekin bukatuz. Tartean, izen handiak ere badira, besteak beste jaialdiaren kartel-buru izango den Kepa Junkera. Junkerak uztailaren 19an eskainiko du kontzertua Santa Marina plazan.

Atxorrotx Mendiko Nazio jaia

Errekan Gora egitasmoaren seigarren edizioa borobiltzeko, gainera, Atxorrotz Mendiko Nazio jaia antolatu dute, orain hiru urte moduan. Horretarako, Bizardunak igoko da berriz ere mendira kontzertua eskaintzeko, hala ere, egun osoan zehar hainbat ekintza antolatuko dituzte.

Errotuta dagoen egitasmoa

Eskoriatzako udako eskaintza kulturalaren antolatzaileek azpimarratu dute urteotako erantzuna ikusita, eskoriatzarren zein bisitarien artean errotuta dagoen egitasmoa dela Errekan Gora eta eskerrak eman gura dizkiete urtero berorren antolaketan laguntzen duten enpresa zein erakundeei, bereziki, Eskoriatzako Udalari zein Azkoaga Enea hotelari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak