Oporretara etorri, eta Gabez Takarraran lasterketa irabazi

Xabier Urtzelai 2013ko eka. 17a, 11:34

Kataluniako selekzioko elastikoa janztea zer den ondo dakien Josep Maria Pijuanek erraz irabazi zuen atzo Gabez Takarraran lasterketaren laugarren edizioa (1:55:05). Hala, lasterketa amaitutakoan onartu zuen opor egun batzuk igarotzera etorri zela Euskal Herrira, eta lasterketaren berri izan zuenean ez zuela birritan pentsatu: "Gauez korrika egitea zirraragarria delako". Emakumezkotan Eskoriatzan lan egiten duen Silvia Trigueros bizkaitarrak irabazi zuen, eta lan egiten duen enpresari eskaini zion garaipena: "Aurten Ederlan lantegiaren 50. urteurrena da, eta garaipena eskaini nahi diot". Lasterketa borobila izan zen, eta Eskoriatzako plazan ikusle asko batu zen korrikalariak animatu asmoz. 

Gabez Takarraran lasterketako laugarren edizioa borobila izan zen. Atletek Asentzio jaisten duten abiadura berean dabil hazten Eskoriatzako lasterketa. Lehenengo edizioan lagun kuadrilatxo bat batu zen irteera puntuan, eta atzo 148 korrikalari azaldu ziren 23:00etan hasita 23 kilometro egiteko gertu. Eguraldiak ere lagundu egin zuen –fresko egiten zuen, korrika egiteko tenperatura ezin aproposagoa– eta zerbait esatearren, Leixargaraten zegoen behe-laino itxiak buruhausteren bat edo beste sortu zien atletei, bidea ondo adierazita bazegoen ere, ez zelako asko behar okerreko bidea hartzeko. 

Behe lainoaz, edo barik, baina Josep Maria Pijuanek hegan egin zuen ibilbidean. Asentziora igotzen ia minutu bateko aldea atera zion bigarren zetorren Iñaki Uribe-etxeberriari (0:24:51), eta jaitsieran Eskoriatzarrak aldeari eutsi bazion ere, lasterketako bigarren zatian Blancafort herriko atletak aurrera egin zuen, eta Uribe-etxebarria behera etorri zen. Bi atleta horiek dezenteko abantailaz iritsi ziren Asentzioko itzulia egin ostean (40:51 minutuan egin zuen Pijuanek Asentzioko itzulia), eta herriko plazan jasotako txalo zaparrada entzunda ekin zioten bigarren zatiari.

Joseba Molinero oñatiarra, bailarako onena

Ibilbidearen bigarren zatian Uribe-etxebarriak ezin izan zion hasierako erritmoari eutsi. Orkatila bihurritu zuen birritan, eta horrekin batera, ibilbidean galdu egin zen. Epelak entzun behar izan zituen, lasterketako antolatzailea izan, eta bidean galdu: "Goian behe-laino itxia zegoen, baina bai, uste dut tramu batean galdu egin den bakarra izan naizela [Barre]. Araba aldera hartu dut, eta konturatu naizenerako ez nuen ezer ikusten. Eskerrak erlojuko argiari, bestela oraindik mendian ibiliko nintzateke bueltaka...", adierazi digu eskoriatzarrak, biharamunean, orkatila erabat handituta duela.

Erritmoari ondo eutsi ziona bigarren helmugaratu Joseba Molinero izan zen. Asentzion hirugarren denbora onena egin zuen (25.38), baina Eskoriatzara iritsi orduko lehenengoak 3 minutukoa abantaila zuen. Hala, bigarren zatiko ibilbide luzean Molinerok 2 minutu gehiago baino ez zituen galdu, eta justu-justu 2 orduko lana eginda iritsi zen helmugara, irabazlearengandik 5 minutura. Hirugarren sailkatu Andoni Gomez bergararrak beste bost minutu behar izan zituen lasterketa amaitu eta posiuma osatzeko (2:04:58).

Trigueros, nesketan onena

Emakumezkoetan Silvia Triguerosek garbi zuen proba amaitu zuenean garaipena zeini eskaini: "Ederlanen egiten dut lan, eta lantegiak 50 urte betetzen ditu aurten; garaipen hau eskaini nahi diot". Hala, atleta bizkaitarrak 2:23ko denbora egin zuen helmugan. Asentziora igotzen ondo-ondoan izan zuen bigarren sailkatu Rakel Aperribai legazpiarra, baina ibilbideko bigarren zatian Gasteizko Arantzazu Perez de Arenazak baino ez zion bere erritmoari eutsi. Hala, 55 segundoko aldeaz irabazi zuen Triguerosek, Perez de Arenaza izan zen bigarren, eta Aperribai hirugarren, sei minutura.

Eskibeli omenaldia

Lasterketa aurretik antolatzaileek Jesus Eskibel atleta eskoriatzar beteranoa omendu nahi izan zuten, urtetan izandako kirol lorpenengatik. Hain zuzen, DKS kirol saria ere jaso izan du Eskibelek. Astelehenean, Goiena Telebistako Harmailatik saioan izango dira Eskibel bera, eta Iñaki Uribe-etxebarria, lasterketaren errepasoa egiten.

Gazte mailan

Nagusien lasterketa aurretik gazte mailakoek hartu zuten parte. Horiek ibilbideko lehen zatia egin behar zuten, Asentziorako joan-etorria. Hauxe izan zen podiuma:

Gizonezkoetan:
1.- Iñaki Astiazaran (Eskoriatza)
2.- Gaizka Fuentes (Bilbo)
3.- Aitor Fdez. de Arroiabe (Eskoriatza)
Emakumezkoetan:
1.- Ione Uriarte (Eskoriatza)

Nagusien sailkapena, osorik, hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak