Atxorrotzeko ermitak itxura berria izango du laster auzolanari esker

Mirian Biteri 2013ko eka. 17a, 10:00

Azken asteotan lanean buru-belarri dabiltza Atxorrotzen. Inguruneak txukuntzeko beharra duela, eta hortaz, auzolana sustatze, eta bide batez, dirua aurrezte aldera, lan hori auzolanean erabaki dute. Azken sei asteburuetan taldetxoak ez du hutsik egin, eta goiz osoa eman dute eskoriatzarrendako hain maitatua den ingurua berritzen. 

Juan Luis Zubizarreta da han lanean dabilenen eskoriatzarretako bat. Azaldu digu azken urteotan, Atxorrotzen egindako indusketa lanak "nahiko aurreratuta" daudela, eta Iñaki Sagredori, indusketa horietan dabilen historialariari, behin baino gehiagotan entzun diola ermita "egoera eskasean" dagoela, eta konpondu beharko litzatekeela. Esan eta egin.

Teilatuarekin asteon

Berritze lanak bi zatitan daude banatuta: alde batetik, ermitako barnealdea eta kanpoko hormak txukuntzen dabiltza; eta bestetik, ermitaren teilatua konpontzeko asmoa dago. Esandako eraikina dagoen kokapenagatik, sabaia auzolanean berritzea "oso arriskutsua" da, eta hortaz, enpresa batek egingo du hori. Asteon bertan hasiko dira obra horiekin.

Baina, gainerako beste dena auzolanean egiten dabiltza. Lehenengo ermitako barnealdea garbitu eta margotu zuten; eta orain kanpoko hormei harria ateratzen dabiltza. Azken horren bueltan, Zubizarretak adierazi digu hormak luzitzeko lanak egitea ez dela batere samurra, eta profesionalek egin beharko dutela. Sabaia konponduko duen enpresa bera arduratuko da horretaz. Hormekin amaitzean Uxarretik datorren bidea ere auzolanean garbitzeko asmoa dute, eta sabaia konpontzeko enpresak ateratzen duen zaborra jasotzen ere lagunduko dute.

Eguraldia, traba

Zubizarretak jakinarazi digu "gehiena" eginda badago ere, oraindik lana dutela aurretik. Hori dela-eta, pasa berri den asteburuan, zapatu eta domekako goizak pasa dituzte Atxorrotzen. Eskoriatzarrak gustura ematen du denbora han, egindako lana dagoeneko agerian dagoelako eta ikusi duelako jendea auzolanean lan egiteko gogoa duela, "eguraldiak larregi lagundu ez badu ere". Azken horren harira, gogorarazi du domeka eguzkitsu batean 15 lagun elkartu zirela Atxorrotzen.

Dena bukatuta dagoenean, egindakoa erakusteko asmoa dute, eta horren bueltan, ekimenen bat antolatzekotan dabiltza. Ideia dagoeneko oso aurreratuta dute; asteon bertan izango dugu ekimen horren berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak