Barikuan amaitzen da Eskoriatzako balkoien loreen lehiaketa

Mirian Biteri 2013ko eka. 10a, 13:09

Egubakoitzerako, hilak 14, gertu egon behar dira Eskoriatzako etxeetako leiho eta balkoietako loreak; egun horretan amaitzen da-eta Udalak antolatutako leiho eta balkoietako loreen lehiaketan parte hartzeko epea.

Kultura batzordekideek, lorezaintzako profesionalek, Olazar erretiratuen elkarteko kideek eta aurreko urteotan esandako lehiaketa irabazitakoek osatutako epaimahaiak lehen aukeraketa egingo du, eta zortzi balkoi eta leiho aukeratuko ditu.

Balorazioa egiteko irizpide estetikoak neurtuko dira, eta bereziki, bi hauek: batetik, lore-konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa; eta, bestetik, leiho edo balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena.

Herritarren botoa

Hilaren 18tik 21era bitartean, epaimahaiak aukeratutakoen argazkiak kultura etxean eta Interneten egongo dira ikusgai, gura duenak botoa eman dezan; pertsona bakoitzeko boto bakarra onartuko da. Aurtengo irabazlea aukeratzeko hiru boto izango dira kontuan: bata kultura batzordeak emango du; bestea, Olazar elkarteak; eta, azkena, herri bozketatik irtengo da. Horren gaineko erabakia San Pedro bezperan, ekainak 28, jakinaraziko da. Sari bakarra egongo da: bertako produktuez osatutako saski ederra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak