Aste kulturala egingo dute gaurtik Luis Ezeizakoek

Mirian Biteri 2013ko ekainaren 3a

Eskoriatzako Luis Ezeiza herriko eskolak aste kulturala egingo du asteon. Egubakoitzera bitartean, irakurketa zaletasuna bultzatzeko, inguruko eskolen arteko komunikazioa indartzeko, jende aurreko aurkezpenetan gaitasunak garatzeko, bizikidetza lantzeko edo guraso, ikasle eta irakasleen arteko harremanak indartzeko askotariko ekintzak egingo dituzte. Eta zapatuan urteroko jaialdia egingo dute.

Gaur, astelehena, liburutegiaren eguna dute, eskulanak, ipuin kontaketak eta liburu zozketen bidez. Bihar, martitzena, lehen ziklokoak Ekainberriko kobazulora doazen bitartean, Haur Hezkuntzakoek tailerrak eta Lehen Hezkuntzakoek antzerki entseguak, abestiak eta filmak izango dituzte.

Etzi, goizean, Arrasateko herri eskolakoendako jaialdia egingo dute Lehen Hezkuntzakoek; eta arratsaldean, gurasoendako emanaldia izango dute ziklo berekoek. Eguenean, hiru hitzordu dituzte: lau eta bost urtekoek Barriako barnetegira irteera egingo dute gaua pasatzera; Lehen Hezkuntzakoek Aretxabaleta herri eskolakoendako jaialdia dute goizean, eta arratsaldean, gurasoendako emanaldia. Egubakoitzean, Lehen Hezkuntzako 2. eta 3. ziklokoek txangoa dute Donostiara.

Abesti eta logo berriak

Azkenik, zapatuan, eskolaren jaialdia egingo dute plazan; eta horren bueltan, askotariko ekintzak antolatu dituzte egun osoan. Horrez gain, labetik atera berri duten eskolako abestia zein logotipo berriaren aurkezpena egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak