Edorta Barandiaran: "Zentsura-mozioaren ondorioz giroa gaiztotu eta alderdien arteko konfiantza galdu zen"

Edorta Barandiaren eskoriatzarra da eta 2007ko hauteskundeetan sartu zen Udal Gobernuan, Pedro Lasagabaster alkate zela. Udalean egondako lau urteak lanerako zailak izan zirela gogoratzen du. Zaldibar antzokiaren proiektua Kultura zinegotzia zenean hasi ziren garatzen. Egun ere kulturarekin lotura dauka Barandiaranek; Aitzorrotz elkarteko kide da, esaterako.

Beste asko bezala, kasualitatez iritsi al zinen udaletxera?

[Barre] Nire ustez, pixka bat kasualitea izan zen, bai. Hala ere, horrelako zerbait egiteko beharra sentitzen nuen, beti ibili naiz herrigintzarekin zerikusia duten gauzetan sartuta. Ikasten jarraitzeko gogoz nengoen; esperientziak ez ninduen atzera botatzen.

Kultura zinegotzia izan zinen, gainera.

EAE-ANVtik lau lagun sartu ginen, eta Kultura eta Gazteria zinegotzi lanak egitea egokitu zitzaidan. Agintaldi batez egon nintzen Udal Gobernuan eta lau urte haiek askorako eman zuten. Izan ere, beste pertsona batzuen egoeragatik gauzak aldatzen joan ziren eta, azkenean, euskara ere eramaten amaitu nuen eta alkatearen egitekoetako batzuk ere banatu behar izan genituen gure artean. 

Udalaren funtzionamendua jakin barik denetik egin behar, beraz!

Beti aurkitzen duzu aurreko legealditik irizpideak dituen jendea laguntzeko prest, eta eskertzekoa da. Eta noski, Udaleko teknikari eta langileak ere hor egoten dira; haiek bai ezagutzen dute Udala barrutik! Politikariak joan eta etorri egiten dira, baina haiek hor segitzen dute, agintari asko eta lan egiteko modu ezberdinak ezagutzen dituzte... 

Nolako lan giroa zegoen urte haietan Eskoriatzako Udalean?

Gogorra izan zen hasieratik. Egoera politikoa ezberdina zen; aurkeztu ginenean ez genekien zerrendak aurrera egingo zuen edo atzera botako zuten. Izan ere, nahiko egoera xelebrea zen; herri batzuetan onartu ziren eta beste batzuetan ez. Behin sartuta, gure nahia guztiokin lan egitea zen, karga guztia EAE-ANVko lau ordezkariok gure gain eramatea larregikoa iruditzen zitzaigun-eta. Udalbatza osatzen genuen bakoitzak ardura batzuk hartzea gura genuen eta egiteko batzuk proposatu genizkien gainerako alderdiei; ez zituzten guztiek onartu. Ostean, egoera guztiz gaiztotu zen, zentsura-mozioa aurkeztu zuten eta, beraz, zituzten ardurak kendu genizkien, ez baitzegoen konfiantzarik. 

Ez zen lan giro goxorik egongo, ezta?

Ez. Hurrengo hiru urteetako lan ildoa markatu zuen egoera hark. Ardurak zituztenak oposiziora pasatu ziren. Eta ez zen oposizio konstruktiboa izan, oztopoak ipintzen zituzten behin eta berriz, proiektuak aurrera eramateko zailtasunak besterik ez genuen. Mozioaren ondorioz, oihartzun mediatikoa hartu zuen egoerak... Ez zen girorik onena lanerako. 

Kanpotik begiratuta, nola ikusten duzu egungo egoera?

Egoera ekonomikoa dela eta, kudeaketa zaila dutela iruditzen zait, baina uste dut lan ona egiten ari direla. Premia handienak betetzen dituzte, hainbat proiektu aurrera eramanda. Bestalde, Udalak berak duen egoera ekonomikoa gu egon ginenekoa baino askoz hobea da. Izan ere, sartu ginenean, Udalaren zorpetze maila oso handia zen eta kudeaketa eredua aldatzen hasi ginen; ildo horretatik jarraitzen dute gaur ere, eta poztekoa da.

Kulturatik egin zenituzten proiektuen artean bereziki gogoratzen duzunik badago?

Zaldibar antzokiaren proiektuari hasiera ematea. Eskoriatzan halako areto baten premia zegoela ikusten genuen. Hala ere, arantzatxoa geratu zitzaigun orduan proiektuan geundenoi. Agintaldi hartan bertan martxan ipini gura genuen, eta, egun, oraindik ezin izan da guztiz gauzatu. 

Udalean bakarrik ez; oker ez banago, beti egon zara kulturari lotuta.

Gaur egun ere Udaleko kulturako azpi-batzordeetan parte hartzen dut, eta Aitzorrotz kultur elkarteko kide ere banaiz. Horrekin entretenitzen naiz orain!

Aitzorrotz aipatzen duzula, ez dakit Atxorrotzeko auzo-lanetan parte hartzen duzun...

Bai, noski, joaten naiz. Maiatzerako bi irteera genituen antolatuta, eta egia da eguraldiak ez duela askorik lagundu. Horregatik, gutxi batzuk animatu gara, eta gure nahia lagun gehiago elkartzea da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.