Museoen Egunaren aitzakian, bi salbuespen egin zituzten atzo Ibarraundin: ateak ireki –soilik aste barruan egoten da zabalik normalean– eta sarrerarik ez kobratu. Museoen egun batean lehen aldiz, gainera, tailerrak egin zituzten neska-mutikoentzat, eta 25 inguruk egin zuten bat ekimenarekin.
Ekainberriko (Ekain kobaren erreplika) kideen eskutik historiaurreko tresnak nola erabili ikusi eta ikasi zuten, lehen tailerrean: lantzak, arkuak eta geziak, eta jaurtigailu edo bultzagailuak. Azalpenak entzunda, museoaren atarira irten, eta bertan jardun zuten saiakerak egiten.
Ostean, katiluak eta ontziak egin zituzten, Iraia Artzamendi artista eskoriatzarrak gidatutako zeramika tailerrean.