Martin Garitano ahaldun nagusia Eskoriatzako errealitatea gertutik ezagutzen ari da

Mirian Biteri 2013ko maiatzaren 9a

Gipuzkoako diputatu nagusi Martin Garitano Eskoriatzan dago gaur. Herriko errealitatea gertutik ezagutzeko eta eragile ezberdinen nahiz herritarren ekarpenak jasotzeko asmoz etorri da gurera. Eskoriatzan etxean bezala sentitzen dela eta oso herri dinamikoa iruditzen zaiola azaldu digu.

11:00etan agertu dira Diputazioko ordezkariak udaletxean, Martin Garitano diputatu nagusia buru zela. Zain zituzten ordurako zinegotziak eta langileak. Osoko bilkuren aretora igo eta proiekzio baten bidez, Eskoriatzako errealitatearen berri eman dizkie Beñat Herce alkateak, baita etorkizuneko erronken berri ere.

Udaletxea utzi aurretik, langileek eta udal ordezkariek euren kezkak helarazi dizkiote; besteak beste, euskara edo enpleguarekin lotutako iradokizunak egin dizkiote.

Unibertsitatean ikasleekin

Jarraian, unibertsitaterantz abiatu dira Diputazioko eta Udaleko ordezkariak. Mondragon Unibertsitateko errektore Josu Zabalak hartu ostean, ikaslez betetako gela batera joan dira. Horien kezkak erantzuten saiatu dira.

Bisitak ez dira hor amaitu. Handik Mazmelara joatekoak ziren, auzo alkate eta auzotarrekin batzartzeko, eta bazkaldu ostean, herriko instalazio esanguratsuenak bisitatzeko asmoa dute. Hain justu, Zaldibar antzokia, zaharren egoitza, kiroldegia eta Zubiate labea.

Eguna amaitu arretik, eskoriatzarren ekarpenak jasoko dituzte 18:30ean, Ibarraundin hasiko den batzar irekian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak