Jon Darpon Eskoriatzako batzokian: "Osakidetza zerbitzu publiko, duin eta kalitatezkoa izaten jarrai dezan borrokatuko dugu"

Jagoba Domingo 2013ko maiatzaren 7a

Jon Darpon, Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak hitzaldia eskaini zuen atzo arratsaldean Eskoriatzako batzokian eta herritik zein ibarretik jeltzale dezente hurbildu ziren.

Gaur egun pil-pilean dagoen gaia da osasun publikoa, bereziki, geroago eta handiagoak diren murrizketen oihartzunengatik. Hori dela eta, etorkizunaz arduratuta, hainbat pertsona hurbildu ziren Eskoriatzako batzokira Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuak eskaini zuen hitzaldia entzuteko gogoz.

Darponek, gaur egungo Euskal Autonomi Erkidegoan osasun-zerbitzuen testuinguruaren errepasoa egin zuen, iragana, orainaldia eta etorkizuna aztertuz. "Osakidetzaren 30 urteak errepasatuko ditugu. Osakidetza 1963ko maiatzaren 19 sortu zen eta hil honetan beteko ditu 30 urteak. Lorpen sozial bat izan da, nondik gatozen, non gauden eta nora goazen errepasatuko dugu, Euskadin osasun-zerbitzuak eta osasun-laguntza hizpide hartuz".

Osakidetzaren garrantzia ere azpimarratu zuen osasun sailburuak: "Gaur egun, Euskadi Osakidetza barik ez luke inork ulertuko. Osakidetzak zerbitzu onak eskaintzen ditu, osasun zentro bat dugu herri bakoitzean, eskualde bakoitzean ospitale bat dugu… Osakidetza lorpen sozial bat da. Jaurlaritzak Osakidetza zerbitzu publiko, duin eta kalitatezkoa izaten jarrai dezan borrokatuko du".

Hala ere, osasun saileko eta administrazio publikoko langileei aparteko esfortzu bat egitea eskatu zien, gaur egun gizartea egiten ari den esfortzu bera, Darponen arabera. Amaitzeko, gerturaturiko jeltzaleek hainbat galdera egin zizkioten Darponi. Adibidez, Lagun Aro osasun zerbitzu pribatuaren inguruan, eta erantzuteko izan zuen prestutasuna eskertu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak