Atxorrotz eguna, baina, ez da Eskoriatzan asteburu honetan egingo duten ospakizun bakarra. Aitzorrotz elkarteak ere, urte osoan antolatzen dituen kultura ekintzen barruan, zapatu honetan bere eguna ospatuko du. Aitzorrotz elkarteko kide Iñaki Kortazarren hitzetan, "euskara eta kultura sustatzeko eguna izango da".
Eskoriatzako elkarteak festa giroan ospatu nahi du bere eguna, eta, horregatik, kultura, aisialdia eta kirola festa berean batu ditu. Ekintza gehienek plaza izango dute agertoki, baina jai giroa herri osoan igarriko da. Herri bazkaria ere plazan izango da; nagusiek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek, berriz, 10 euro. Eta bazkariaren ostean, plazan bertan, gainera, txikiak entretenitzeko asmoarekin, Potx eta Motx pailazoek saioa eskainiko dute.
Aipatzekoa da Aitzorrotz elkarteak, urte osoan egiten dituen ekintzez gain, egun berezi horretarako egiten duen lan handia. Izan ere, egun horretan, Inkernu tabernaren aurrean joko duten taldeen artean, kontzertu berezi bat egongo da. Balerdi Balerdi taldeak, bananduta egon eta gero, berriro elkartzea erabaki du, eta zapatukoa gure bailaran, elkartu ostean, eskainiko duten lehenengo kontzertua izango da.
Domeka, egun handia
Dudarik gabe, domekakoa izango da egun handiena. Ohiturak agintzen duen moduan, txistularien dianaren ostean, 09:30ean Atxorrotzera igoera izango da. 11:00etan meza entzun ostean, 12:30ean Iñaki Sagredoren eskutik Atxorrotzen egiten ari diren indusketak ezagutzeko aukera egongo da. Goiza mendian igaro ostean, festa herrira jaitsiko da. Arratsaldeko seietan, herritarrek egindako tortillak salgai jarriko dituzte, eta, aste bukaerari amaiera emateko, plazan Herrixa Dantzan ekimena egingo dute.
Bada, antolatzaileek adin tarte guztiei zuzendutako ekintzak antolatu eta gero, asteburuan guztion parte hartzea besterik ez da falta.